Antipartikula berri bat RHIC azeleragailuan
2010/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatu Batuetako RHIC azeleragailuan hiperoi baten antipartikula bat sortu dute Brookhaven laborategiko fisikari batzuek: antihipertritoi bat. Ez da lehen aldia fisikariek antimateria sortzen dutela, antipartikula txikiago batzuk lortu izan direlako (antiprotoiak, antideuterioak, antitritioak eta antihelio-3ak). Baina aurreko antipartikula horiek guztiak naturan agertzen diren bi quark-motaz eginda daude: u- eta d-quarkez. RHICko esperimentuak sortu duen antipartikularen osagaien artean s-quark bat dago, naturan agertzen ez dena. Eta hori ez da orain arte lortu. Ustez, antzeko antipartikulak sortu ziren Big Bang leherketaren ondorengo mikrosegundoetan; haien ikerketak lagunduko du ulertzen zergatik sortu zen materia gehiago antimateria baino.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia