}

Antimateriazko atomoak sortu, eta 15 minutuz atxiki dituzte

2011/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

antimateriazko-atomoak-sortu-eta-15-minutuz-atxiki
Antihidrogenozko atomo baten desintegrazioaren adierazpen artistikoa. Arg.: CERN-ALPHA. - Arg.
Antimateriazko atomoak sortu, eta 15 minutuz atxiki dituzte
2011/09/01 | Elhuyar

Antihidrogenozko atomoak sortu dituzte CERN laborategian, eta 15 minutuz baino gehiagoz atxiki dituzte beren kasa desintegratu baino lehen; zehazki, 1.000 segundoz. ALPHA izena eman diote egindako esperimentuari, eta, parte hartu duten ikertzaileek adierazi dutenez, nahikoa denbora da hori sortutako atomoak oinarrizko energia-egoerara pasatzeko. Aurrerapausotzat jo dute antiatomoak oinarrizko energia-egoerara iristea lortzea, antimateriaren eta materiaren arteko alderaketak egin ahal izateko bete beharreko kondizioa baita. Izan ere, sei hilabete lehenago ere lortu zuten ALPHA esperimentuan antihidrogenozko atomoak sortzea, baina, orduan, 0,172 segundoz baino ezin izan zituzten atxiki.

Hidrogenozko atomoek protoi bat eta elektroi bat duten moduan, antihidrogenozkoek antiprotoi bat eta positroi bat dute. Atomoak sortzeko, beraz, bi osagai horiek elkartu egin behar dira. Zilindro-forman jarritako elektrodo-sorta bat erabili zuten horretarako ikertzaileek: elektrodoek sortutako eremu elektrikoaren bidez, karga negatibodun antiprotoiak eta karga positibodun positroiak harrapatu zituzten, eta, bien arteko elkarrekintzaz, antihidrogenozko atomo batzuk sortzea lortu zuten.

Sortutako antiatomoek inolako kargarik ez dutenez, ezin izan zuten eremu elektrikoa erabili haiek atxikitzeko. Horren ordez, eremu magnetikoa erabili zuten. Eremu magnetikoa eratzen zuen tresna itzalitakoan frogatu ahal izan zuten antihidrogenozko atomoak sortu zituztela. Izan ere, indar hori desagertzean, antiatomoak elektrodoen hormetarantz egin zuten, eta, orduan, desintegratu egin ziren. Elektrodoak materia arruntez eginda daudenez, antihidrogeno- eta hidrogeno-atomoek elkar ukitzean, biak desintegratu egiten dira, eta pioi deritzen partikula-sortak igortzen dituzte.

1
278
2011
9
013
Fisika
Albisteak
14

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia