Antimateriari materiari bezala eragiten dio grabitateak
2023/09/27 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antihidrogeno-atomoekin egin duten esperimentu batean ondorioztatu dutenez, antimateriari materiari bezalaxe eragiten dio grabitateak. Antimateriaren mugimenduan grabitatearen eragina hautematen den lehen aldia da. Nature aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.
Fisikari gehienentzat ez da sorpresa izan. Albert Einsteinek erlatibitate orokorraren teorian iragarri zuen materia guztiari berdin eragiten ziola grabitateak, eta gaur egun ez dago teoria fisikorik grabitatea antimateriarentzat aldaratzailea izan litekeela iragartzen duenik. Hala ere, ideia tentagarria zen, zenbait problema kosmiko azal zitzakeelako; adibidez, materia eta antimateria nola banatu ziren unibertso goiztiarrean, eta zergatik ikusten dugun soilik antimateria pixka bat gure unibertsoaren inguruan, teoria gehienek diotenean materia adina antimateria sortu behar izan zela Big Bangean.
Teoriak teoria, orain arte ez zen inoiz behatu grabitateak nola eragiten dion antimateriari. Ez da harritzekoa, oso indar ahula baita grabitatea, ezagutzen diren lau indarretatik ahulena. Unibertsoaren bilakaeran sekulako eragina duen arren, eta distantzia handietara eragiten duen arren, antimateria-zati txiki batean duen eragina oso oso txikia da, eta, beraz, neurtzeko oso zaila.
2018an, CERNeko ALPHA lankidetzak ALPHAg makina eraiki zuen, antihidrogeno atomoentzako tranpa magnetiko bat, grabitazioaren ondorioak aztertzeko diseinatua. Gailuaren barruan esekitako antihidrogeno atomoak askatu egiten dira, eta haien mugimendua aztertuz grabitatearen eragina ondoriozta daiteke.
2022ko udazkenean egin zituzten lehen neurketak, eta simulazioen eta analisi estatistikoen bidez aztertu dute han behatutakoa. Horrela ondorioztatu dute antimateriarentzat grabitatearen eragina aldaragarria izateko probabilitatea hain dela txikia, ezen arbuiagarria baita. Eta gainera kalkulatu dute oso litekeena dela grabitateak materiari eragiten dion azelerazio bera eragitea antimateriari ere (% 25eko desbiderapena egon liteke, lortutako emaitzen arabera). Ikertzaileek adierazi dutenez, hurrengo helburuetako bat izango da azelerazioa zehaztasun handiagoz neurtzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia