}

Antigrabitatea aztertuz

1997/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Finlandiako Tampere-ko Unibertsitatean diharduen Eugene Podkletnov fisikari errusiarrak antigrabitate-eremua sortu du eta indar horrek zenbait objekturi gora eragiten diola ikusi du.

Grabitazioari buruzko teoria zalantzan jarri du fisikari errusiar batek prestatu duen grabitatearen kontrako eremuak eta, ondorioz, NASAk ere saiakuntza egin nahi du. Izan ere, oraingoan zientzilarien mundua asaldatu duena antigrabitatea izan da. Ildo hori jorratuz agian objektu hegalari ezezagunak zaratarik atera gabe heldu eta puntu batean airean geldirik zergatik egoten diren azalduko litzateke.

Finlandiako Tampere-ko Unibertsitatean diharduen Eugene Podkletnov fisikari errusiarrak antigrabitate-eremua sortu du eta indar horrek zenbait objekturi gora eragiten dio. Fisikari honek burututako saiakuntzaren berri Britainia Handiko Journal of Physics aldizkari ospetsuak eman du. Dena den, Sunday Telegraph aldizkariak aurrea hartu eta eztabaida plazaratu egin zuen.

Saiakuntza berez nahikoa sinplea da. Podkletnovek disko zeramiko supereroale bat 5.000 bira minutuko abiaduraz birarazten du -210 ºC-ko ingurunean. Gero objektuak gainean ipini eta masa neurtzen die. Zientzilari errusiarrak dioenez, diskoak biratzen duenean objektuak masaren % 1 inguru galdu egiten du eta fenomenoa berdin gertatzen da objektua metalezkoa, zurezkoa edo plastikozkoa izan. Biraketa-abiadura zenbat eta azkarragoa izan, hainbat eta handiagoa da masa-galera. Podkletnoven iritziz, fenomeno hori antigrabitazioaz baino ezin da azaldu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia