}

Antidepresibo azkarragoak

2002/12/23 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Luisa Ugedo-k zuzenduta, antidepresibo eraginkorragoak eta bizkorragoak ikertzen dihardu Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-talde batek, Farmazia Fakultatean.

Depresioa ohiko gaixotasuna bilakatu da gure gizartean. Hala ere, bi depresio-mota daude, eta bereiztea komeni da. Bata une zehatz bateko depresioa izango litzateke eta bestea, berriz, depresio kronikoa. Edozeinek izan du egoera jakinen batean depresio bat, baina arazoa depresioa gaixotasun kroniko bilakatzen denean sortzen da. Depresio-mota horren ezaugarri garrantzitsuenak bi dira: batetik gaixoak azaltzen dituen gora-beherak daude eta bestetik gaixotasuna guztiz sendatzeko ezintasuna.

Lehen erabiltzen ziren antidepresiboek albo-ondorio asko zituzten: ahoa lehortzen zuten, bihotzeko arazoak izanez gero ezin ziren hartu eta beste hainbat arazo zituzten. Orain, belaunaldi berriko antidepresiboekin, albo-ondorio horiek gutxitzea lortu da, baina oraindik konpondu gabeko arazo bat dute: denbora luzea behar izaten da gaixoak hobekuntzaren bat nabaritzen hasteko. Izan ere, antidepresiboen eragina nabaritzeko gutxi gorabehera hiru aste behar dira, eta hori denbora-tarte luzeegia da zenbait kasutan.

Depresioaren oinarria

Depresioan, beste hainbat gaixotasunetan bezala, neurotransmisoreek garrantzi handia dute. Teoria zabalduenaren arabera, serotonina eta noradrenalina dira, zehazki, gaixotasun honetan gehien eragiten duten bi neurotransmisoreak. Izan ere, depresio-prozesuetan serotonina- eta noradrenalina-maila jaitsi egiten da (batzuetan soilik bietatik bat jaisten da eta beste batzuetan biak). Horregatik, antidepresiboen jarduera serotonina- eta noradrenalina-mailak orekatzera zuzentzen da. Hori lortzeko, antidepresiboek neurotrasmisore horiek garunean dituzten hartzaileetan eragiten dute.

EHUko ikerketa-taldeak gaixotasunaren hainbat atal aztertu ditu: antidepresiboek serotonina-hartzaileetan eta noradrenalina-hartzaileetan duten eragina, gaixoen garunean gertatzen diren prozesuak eta antidepresiboen ekintza bizkortuko luketen substantziak, besteak beste. Ikerketaren azken helburua, hain zuzen ere, antidepresibo eraginkorragoak eta bizkorragoak lortzea da.

Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da tratamendua hasi eta hurrengo 2 edo 3 asteetan garunean gertatzen diren prozesuak zehatz ezagutzea. Gertatzen diren aldaketak aztertuz, horiek aurrez eragiteko substantziak aurkitu nahi dira.

Ikertzaileak aspaldi hasi ziren serotonina-hartzaile asko dagoen garuneko gune bat aztertzen, Rafe deritzon gunea. Gune horretan antidepresiboek zuten eragina aztertu ondoren, prozesu bera egin zuten Locus Coeruleus gunean, hain zuzen, noradrenalina-hartzaile gehien dagoen gunean.

Bi guneetan antidepresiboen eragina aztertu ondoren, antidepresibo azkarragoak lortzeko helburura bideratu dituzte ikerketak. Horretarako, orain arte erabilitako antidepresiboak beste substantzia batzuekin konbinatzeko saiakerak egin dira. Substantzia horiek antidepresiboen ekintza azkartu behar dute, baina berez ez dira antidepresiboak. Egun substantzia bizkortzaile asko daude aztergai, eta EHUn ere substantzia horietako baten eragina ikertzen dihardute.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia