}

Antibiotikoak: bai ala ez?

1993/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nola eta noiz hartu antibiotikoak

Segun.

Antibiotikoak edozein adinetan ematen dira, eta horrela eman daitezke; baita jaioberrietan ere. Garrantzitsuena honako hau da: ea antibiotikoak ematea benetan prezisoa ote den. Arau orokor gisa, birusek sortutako gaitzetan (eta kontu egin katarro asko eta asko umetan birikoak direla) ez litzateke antibiotikorik eman behar; birusengan ez baitute inolako eraginkortasunik.

Umea osasuntsu badago, eta sintomatologia arina bada, botikak sintomen kontra bideratuko dira (analgesikoak minaren kontra, antitermikoak sukarra jaisteko, eztulkontrakoak), umearen defentsa naturalak aski direlako. Bakterioengatiko konplikazioak agertzen direnean (amigdalitisa, otitisa, bronkitisa, ...) baino ez dira errezetatuko antibiotikoak. Ezinbestekoa da dosi egokia gutxienik 7-10 egunetan mantentzea, germena erabat suntsitzeko eta gaixoberritzeak ebitatzeko. Inoiz ez da antibiotikorik garaia baino lehen kendu behar, sukarra desagertu delako adibidez.

Alexander Fleming hartzen da antibiotikoen aitatzat, 1928. urtean penizilina aurkitu zuenez gero. Eta ordudanik orain arte, ikerkuntza biomedikoak antibiotiko berriak aurkitzen segitzen du, jo eta ke, beren eraginkortasuna eta segurtasuna hobetuz doazelarik.

Botika hauekin milioika heriotza ebitatu dira mundu osoan (horietako asko eta asko gaur egun ia hutsalak iruditzen zaizkigun gaitzek sortuak; gripeak, esate baterako). Beste botika asko bezala, antibiotikoak berez ez dira arriskutsuak , medikuaren aginduei jarraituz hartzen badira bederen.

Hain erabiliak direnez gero, jende guztiak daki hainbat topiko antibiotikoen alde onak eta txarrak direla eta. Baina egia ote dira topiko horiek guztiak?

* Antibiotikoak hartzeak jipoi handia ematen du

Erantzuna: Gezurra

Hain zabaldua dagoen uste hau ez da batere egia. Antibiotikoek ez dituzte gorputzaren defentsak xahutzen edo ahultzen; infekzioa baita ondorio horien erantzulea. Hezur-muinean diharduten oso antibiotiko gutxi eta jakin batzuek ahulduko lukete, baina gaur egun ez dira erabiltzen.

* Pertsona batzuk antibiotikoekiko alergikoak dira

Erantzuna: Egia

Polen edo lorautsa, akaroak (hautsekoak), esnea eta beste hainbat substantziarekiko pertsona batzuk alergikoak diren bezalaxe, antibiotikoek ere, berez kaltegarriak izan ez arren, erreakzio alergikoak sor ditzakete, beti ere gorputzak botika horiekin kontaktua izan ondoren.

Baina antibiotiko batekiko alergikoa izateak ez du esan nahi beste batzuekiko ere alergikoa denik. Penizilinaren taldekoak (anoxizilinak, anpizilinak, etab.) eta zefalosporinak dira alergia maizenik sortarazten duten antibiotikoak.

Erantzun alergikoaren sintomak oso desberdinak izan daitezke. Arinak izan daitezke (urdaileko molestiak, larruazaleko suminkortasuna), baina baita oso serioak ere. Normalean alergia ez da antibiotikoarekin edukitako lehen kontaktuan agertzen; ondorengo infekzioren batean baizik (berriro ere ematen denean).

Antibiotikoak hartzen ari eta erreakzio arraroren bat somatu bezain pronto, medikuarengana joan beharra dago. Ez dakigu alergiak umetan pertsona helduetan baino maizago agertzen direnik; ezta alderantzizkorik ere.

* Tratamendua ez da eten behar, sintomak desagertu arren

Erantzuna: Egia

Oso garrantzitsua da medikuaren aginduak ahalik eta zorrotzen betetzea: medikuak esango du zenbat denboran hartu behar diren, medikazioa noiz eten behar den eta baita botika hartzeko modurik egokiena zein den ere.

Askotan egiten den akatsa, hobekuntza nabaritu eta gaixotasunaren sintomak (batzuk edo gehientsuenak) desagertzen direnean tratamendua etetea da.

* Gutxienez bost egunetan, jarraian, hartu behar dira

Erantzuna: Egia

Edo baita denbora luzeagoan ere. Medikuak tratamendua egun gehiagotan egitea agintzen ez badu, arau orokorra antibiotikoak zortzi-hamar egunetan hartzea da. Grabeak ez diren kasu gehientsuenetan, denboraldi horretan tratamendua gai da infekzioa gainditzeko. Zergatik epe hori?

  • Bakterio-infekzioa sortzen denean germenak ikaragarri azkar ugaltzen direlako.
  • Botikak infekzioaren fokuraino iristeko denbora-puska bat behar duelako. Eta foku hori sortuz doan bakterio-mordoa inhibitu eta suntsitzeko, antibiotikoak egun batzuk behar ditu.

* Hesteetako flora ere honda dezakete

Erantzuna: Egia

Hori tratamendu luzeetan eta oso antibiotiko gogorrak erabiltzen direnean gertatzen da batipat. Normalean ohizko infekzioak (bronkitisak, pixekoak, eztarrikoak, etab.) tratatzeko dosiekin ez da horrelakorik gertatzen. Baina gorakorik edo beherakorik agertuz gero, komeni da medikuari kontsulta egitea.

* Arriskutsuak dira, beraz ez da komeni sarritan hartzea

Erantzuna: Gezurra

Inoiz ez dira arriskutsuak, medikuak behar bezala agindu baldin baditu. Norberak bere buruari auto-errezetatuz gero, orduan bai, arriskutsuak izan daitezke. Automedikazioaren aurreneko arriskua porrot terapeutikoa litzateke; alegia, gaitza ez sendatzea. Beste bat, gaizki erabiliz gero infekzio serioren bat estaltzea (adibidez, faringitis batek azkenean konplikazio larriagoren bat, meningitisa, ekartzea).

Horregatik, inoiz ez dira hartu behar medikuak agindu ez baditu; medikua baita kasu bakoitzerako egokiena zein den eta nola hartu behar den erabakitzeko aproposena.

Bestalde, egia da antibiotikoak oso maiz hartzea ez dela komeni, erresistentziak ager daitezkeelako eta antibiotikoak infekzioa sendatzeko eraginkortasuna galduko lukeelako.

* Sarritan hartzen badira, eraginkortasuna galtzen dute

Erantzuna: Egia

Bakterioak dira infekzioa sortzen duten mikroorganismo patogenoak, eta bakterioen kasuan erabiltzen dira antibiotikoak.

Baina bakterioek badute defentsa-mekanismo bat, erresistentzia esaten zaiona, antibiotikoek eraso egin ez diezaien. Eta kontaktuan antibiotiko berbera bakterioekin zenbat eta maizago jarri, errazago ikasiko dute hauek botika ezagutzen, eta beren defentsa-mekanismoa martxan jarriko dute hari aurre egiteko, eta, beraz, antibiotikoak eraginkortasuna galduko du.

Horra hor antibiotikoak nolanahi ez erabiltzeko beste arrazoi bat. Hobe aurretik medikuari galdetzea; berak faktore guzti horiek kontutan hartuko baititu.

* Antibiotikoak dira marrantaren kontrako erremedio onena

Erantzuna: Gezurra

Normalean marranta (hoztura) birusek sortzen dute eta antibiotikoak bakterioengatiko infekzioetan baino ez dira eraginkor. Gauza beretsua gertatzen da gripearekin. Dena den, medikuak batzuetan antibiotikoak errezeta ditzake gripe edo katarroekin batera ager daitezkeen bakterio-infekzioak prebenitu edo sendatzeko (faringitisak, amigdalitisak eta bestelako konplikazio serioagoak).

* Negu parteko gaitzik gehienak antibiotikorik gabe

Erantzuna: Egia

Teorian, horrela da. Ikusi dugunez, gripea eta marranta edo hoztura gehienak infekzio birikoak dira, bakar-bakarrik sendatzen direnak; antibiotikorik gabe, alegia. Zenbait aholku edo gomendio, oso ezagunak, bete behar dira: kontuz hotzarekin, ohean igaro egun batzuk behar izanez gero, etab. Normalean antipiretikoak eta analgesikoak ematen dira sukarra jaisteko eta ondoeza arintzeko.

* Antibiotikoak oso kaltegarriak dira urdailarentzat

Erantzuna: Gezurra

Ahotik emandako antibiotiko batek ez dauka zertan urdaila hondatu, gaixoak aurretik urdaileko arazorik ez badauka eta medikuaren aginduei jarraituz hartzen bada behintzat. Ultzeraren bat edota urdaileko bestelako gaitzen bat duenari oso posible da antibiotikoak kalte egitea. Oso antibiotiko potenteek, tratamendu luzeetan ere sor dezakete horrelako molestiarik.

* Haurdunei ez ematea hobe, fetuari kalte ez egiteko

Erantzuna: Gezurra

Emakume haurdun batek infekzioren bat eduki eta behar bezala tratatzen ez bada, arriskutan dago bera, eta fetua ere bai. Ginekologoa da kasu bakoitza aztertu eta infekzioa sendatzeko tratamendurik egokiena erabakitzeko espezialista. Praktikak erakutsi duenez, gaur egun badaude eraginkor eta ez-teratogeno diren antibiotikoak (penizilinaren taldekoak eta zefalosporinak bereziki), hau da, infekzioa sendatu eta fetuari inolako malformazio edo akatsik ez dakarkiotenak.

Emakumeengan mikosiak errazago agertzen dira antibiotikoekin

Erantzuna: Egia

Espektro zabaleko antibiotikoak ematen direnean (hau da, germen-kopuru handi baten kontra aritzeko gai direnak) eta denboraldi luzean hartzen badira, baginako floran garbiketa ederra egin daiteke eta horren ondorioz mikosia agertu, h.d. onddoengatiko infekzioa. Beraz, emakume batek, antibiotikoak hartzen ari dela, genitaletan azkure handia eta fluxu ugari edukiko balu, medikuarengana joatea komeni da, tratamenduz aldatzeko.

Medikuak baino ezin du agindu antibiotikoak hartzea eta horiek hartzeko modua: ahotik (pastilak, sobreak, jarabeak), ipurditik (supositorioak) edota muskulubarnetik (injekzioak).

Antibiotikoaren infekzioa sendatzeko eraginkortasuna faktore askoren menpe dago: infekzio horretarako egokia zein antibiotiko den; zein bidetatik ematen den; eta azkenik, dosifikazio-pautak eta tratamenduaren iraupena dira faktore horiek.

Azken puntu hau oso garrantzitsua da. Zorrotz-zorrotz behar da errespetatu medikuak agindutako epea. Gauza bera, adibidez, zortzi ordutik behin hartu behar dela esaten badu. Dena den, gehiegikeriarik egin gabe: ez jarri adibidez iratzargailua, gauerdian hartu behar duzula eta. Egokitu ezazu zure bizimodu normalera. Ez dute derrigor otorduekin kointziditu behar eta ez dago botikarekin batera ezer solidorik hartu beharrik ere, otorduen artean hartu behar direnean (medikuak kontrakorik esaten ez badu, noski).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia