Antibiotiko batek bakterioen armadura nola urratzen duen ikusi dute

Antibiotiko batek bakterioen armadura nola urratzen duen ikusi dute


Polimixina antibiotikoak E. coli bakterioen armadura nola suntsitzen duen ikus daiteke goiko irudian. University College London eta Imperial College Londoneko ikertzaile batzuek, indar atomikoko mikroskopia erabiliz lortu dute lehen aldiz ikustea hori nola gertatzen den. Nanometro gutxi batzuetako zabalera duen orratz bat bakterioaren azaletik pasatuz, argia erabiliz posible izango litzatekeena baino askoz bereizmen handiagoko irudiak lortu dituzte. Irudi horiek erakutsi dute polimixinak minutu gutxitan protuberantzia batzuk sortzen dituela bakterioen azalean.

Polimixinak azken aukerako tratamendu gisa erabiltzen dira bakterio gram-negatibo multierresistenteei aurre egiteko, gainerako antibiotikoek huts egiten dutenean. Bakterio gram-negatiboek kanpo-mintz bat dute, armadura bezala jokatzen duena. Polimixinek kanpo-mintz hori dute helburu, baina ez zen ezagutzen nola eragiten zuten. Ikerketa honetan argitu dute hori, mikroskopio-irudien eta beste esperimentu biokimiko batzuen bidez

Ikusi zuten protuberantziak agertu eta minutu batzuetara, bakterioa kanpo-mintza berritzen hasten dela. Antibiotikoak bakterioaren defentsa-horma berritzen hasteko prozesua abiarazten du, baina prozesu horretan bakterioak hutsuneak uzten ditu defentsa-horma horretan; hutsune horietatik antibiotikoa sartu, eta bakterioa hiltzen du.

Alabaina, ikertzaileek ikusi dute prozesu hori aktibo dauden bakterioetan soilik gertatzen dela eta ez letargian edo lozorroan dauden bakterioetan.  Aurkikuntza harrigarria izan da, uste baitzen bakterioen azalari erasotzen dioten antibiotikoek edozein egoeratan funtziona zezaketela, baita lozorroan zeuden bakterioen kasuan ere. Baina, ikerketa honek erakutsi du ezetz, antibiotiko mota honek bakterioaren laguntzarekin bakarrik funtzionatzen duela. Hala ere, ikusi dute horri aurre egiteko nahikoa dela bakterioei azukrea ematea, horrek lozorrotik aterarazten baititu. Azukrea sartu zutenean, aurretik inaktibo zeuden bakterioak ere deuseztatu ahal izan zituen antibiotikoak, 15 minutuko atzerapenarekin.

Orain, hurrengo erronka da azken aurkikuntza hauek erabiltzea antibiotikoak eraginkorragoak izan daitezen. Ikertzaileek aurreratu dutenez, estrategia bat izan liteke polimixinaren tratamendua kanpo-mintzaren ekoizpena sustatzen duten tratamenduekin uztartzea, edota bakterio lokartuak esnatzea, zelula horiek ere ezabatu ahal izateko.

 

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna