}

Antartikako uretan, altxorra

2007/07/13 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Opor-garaian, urrutira joatea izaten da jende askoren ametsa. Zer iruditzen zaizu Antartika? Zientzialari batzuk han izan dira, eta harrituta geratu dira deskubritu dutenarekin.

Nazioarteko zientzialari-talde batek ANDEEP izeneko proiektuari ekin zion.
(Argazkia: A. Brandt)

Ozeano Antartikoan bizitzeko kondizioak oso gogorrak dira. Adibidez, ozeanoaren sakoneko uretan tenperatura 0 ºC-tik beherakoa da. Hortaz, sakoneko ur horietan bizidun gutxi egongo zirela aurreikusten zuten orain arte egindako ikerketek. Baina inoiz ez zuten ganorazko azterketarik egin Ozeano Antartikoko sakoneko bizidunak ezagutzeko.

Ur horietan azterketa zehatz bat egitearren, nazioarteko zientzialari-talde batek ANDEEP izeneko proiektuari ekin zion. 2002 eta 2005 urteen artean, hiru espedizio egin zituzten. Hasieran uste zuten ezer gutxi aurkituko zutela, baina izugarrizko oparotasuna topatu zuten Ozeano Antartikoko ur sakonetan! 1.400 espezietik gora aurkitu zituzten, eta haietatik 700 inguru ordura arte inork deskribatu ez zituen espezie berriak ziren. Ez zen izan, ez, marka makala!

1.400 espezietik gora aurkitu zituzten, eta haietatik 700 inguru espezie berriak ziren.
(Argazkia: A. Rose eta W. Brökeland )

Aurkikuntza hura, gainera, hainbat gauza berri jakiteko bidea izan zen zientzialarientzat. Alde batetik, ikusi zuten azaleko bizidunek nolabaiteko antza dutela sakonekoekin, baina azalekoek ezaugarri berezi asko ere badituztela: handiagoak dira, mantsoago hazten dira, denbora gehiago bizi dira eta geroago lortzen dute sexu-heldutasuna. Ezaugarri horiek garatzeko, denbora luzez isolatuta eboluzionatu behar izan dutela ondorioztatu dute zientzialariek.

Eta, beste aldetik, ikusi zuten Antartikako eta munduko beste ozeanoetako sakoneko uretan bizidun batzuk oso antzekoak direla genetikoki. Hori posible izateko, nahitaezkoa da mundu osoko sakoneko uren artean truke etengabea egotea, eta bizidunak batetik bestera mugitzea.

Nondik nora?

Bi gai azaldu beharrean geratu ziren zientzialariak: zer dela eta dauden isolatuta ozeano Antartikoko azaleko uretako bizidunak, eta nolatan nahasten diren mundu osoko ozeanoetako sakoneko bizidunak.

Antartikako eta munduko beste ozeanoetako sakoneko uretan bizidun batzuk oso antzekoak dira genetikoki.

Ozeanoko azaleko uretako bizidunak isolatzen dituena Antartikako haize nagusia dela ondorioztatu dute, fronte polarra. Haize horrek etengabe hegoalderantz (polorantz) jotzen du, eta ozeanoaren gainazaleko ura beste ozeanoetara hedatzea eragozten du, etengabe kontrako noranzkoan mugitzen baitu. Uraren mugimenduaren menpe bizi diren bizidun ugari dago, eta, ura ez bada mugitzen, haiek ere ezin dute mugitu. Antartikan, beraz, fronte polarrak azaleko uretako bizidunak isolatu egin ditu hainbat milurtekoz. Dirudienez, historian zehar gertatu diren glaziazio- eta urtze-garaietan itsas mailak gora eta behera egin duenean iritsi dira animaliak gaur egun dauden lekuetara. Ez dakitena da jatorrizko bizidunak hondoan bizi ziren eta uraren gorabeheretan azalera pasatu ziren, edo alderantziz gertatu ote zen.

Dena dela, orain ur sakonetako bizidunekiko isolatuta daude. Sakoneko uretako bizidun batzuk, azalekoak ez bezala, mundu osoko ozeanoetara barreiatzen dira. Hori posible da fronte polarrak ez duelako eraginik sakonera batetik beherako uretan, eta, beraz, ur horietako bizidunetan ere ez. Sakoneko urak ozeanoen arteko korronteen arabera mugitzen dira, itsaso eta ozeano batetik bestera. Eta urarekin batera, noski, bizidunak doaz.

Mundu mailako mugimendu batekin egin dute topo ustekabean. Eta, ia nahi gabe, frogatu dute Ozeano Antartikoa orain arte uste zuten baino askoz ere aberatsagoa dela. Alegia, gauzak beti ez direla diruditen bezalakoak.

Deia- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia