Antartikako izotzetan gordetako izakiak
2002/12/17 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Illinois-ko Unibertsitateak antolatutako ikerketa batean, Vida lakua urez betea dagoela ikusi dute. Duela zazpi urte Antartikako ingurune horietan radar bidez jasotako datuen arabera, lakuaren azpialdea ur likidoz betea dago; 19 metroko izotz-geruza baten azpian ur gazia eta hotza dago.
Hori jakinda, ikertzaileek bertara joateko espedizioa antolatu eta, orain, han jasotakoaren emaitzak argitaratu dituzte. Ura oso gazia da, itsasoko ura baino zazpi aldiz gaziagoa; horregatik, izozte-puntua askoz ere baxuagoa du eta, –10 ºC-tan egon arren, ez da izozten.
Munduan badaude hain gaziak diren beste hainbat laku eta horietan mikroorganismo batzuek bizitzeko modua aurkitu dute. Zientzialariek Vida lakuan antzeko zerbait gertatzen dela uste dute, nahiz eta kasu honetan tenperaturak ere eragin handia izan. Lakuaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko, gaineko izotza zulatu egin dute. Baina ez dira ura dagoen tokiraino heldu, ura eta bertan bizi diren mikroorganismoak kutsatu gabe gordetzea oso garrantzitsua baita. Hala ere, hartu dituzten izotz-laginetan ezusteko pare bat izan dituzte. Izotzean harrapatutako sedimentuak karbono-14rekin tratatuta, 2.800 urte dituztela jakin dute. Gainera, sedimentuekin batera hainbat mikroorganismo zeudela ikusi dute eta horiek berriro biziaraztea lortu dute. Horrek uretan ere antzera bizi diren mikroorganismoak topatzeko esperantza areagotu du ikertzaileengan.
Hala ere, lakuko kondizioak oso gogorrak direla gogoratu beharra dago. Gazitasuna ia erabatekoa da, eta ez dira ezagutzen hain gatz-kontzentrazio handia jasan dezaketen mikroorganismo asko. Horri hotz handia eta eguzki-argirik ez egotea ere gehitu behar zaizkio. Hain muturreko kondizioak jasan ditzakeen bizidunik ez da gaurdaino ezagutzen.
Edonola ere, emaitzek NASAren interesa piztu dute, eta ikerketak aurrera jarrai dezan dirua jarri du. Izan ere, horrelako leku batean bizia aurkituz gero, Marteko izotzean ere aspaldiko bizidunen bat harrapatuta egon daitekeela susma daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia