}

Antartikako bakterioak harrapatzeko lasterketa

2004/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nazio Batuek kezka azaldu dute Antartikako organismoen ustiapenaren gainean. Izan ere, organismo horietako asko oso bereziak dira, eta, ondorioz, batzuk neurri gabe biltzea gerta daitekeela uste dute.

Dagoeneko biltzen dituzte ikerketarako Antartikako eremuetan bizi diren estremofiloak, muturreko kondizioetan bizitzeko gai diren mikroorganismoak, eta haien gaineko interesa handitzen ari da egunez egun, erabilpen ugari izan ditzaketela uste dute eta.

Adituen esanean, lehenbailehen emaitzak lortzeko lehiak bakterio-biltzaileen oldea eragin dezake. Oraindik ez dakite gai honek zer arriskua izan dezakeen ingurumenean, baina, haien usteak betetzekotan, kontuan hartu beharreko gaia izango da.

Gainera, Antartikako Itunak ez omen ditu behar bezala erregulatzen bioprospekzioaren gaineko hainbat kontu, eta interes ekonomikoek kolokan jartzen dituzte Antartikako ikerketa zientifikoaren izaera, elkarlana eta gardentasuna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia