Animalien aldeko ekintzaileak jomuga
2005/02/27 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Animalien eskubideen aldeko agerpenak era baketsuan egiten dira normalean. Baina, dirudienez, zenbait kasutan mehatxuak eta indarkeria ere erabiltzen dituzte ekintzaileek; eta jarrera horien aurkako lege-egitasmo bat ari dira eztabaidatzen Britainia Handian. Proposatutakoa lege egiten bada, bost urtera arteko kartzela-zigorrak jasoko dituzte gehiegikeriak egiten dituzten ekintzaileek.
Ez da harritzekoa lege-egitasmo hori Britainia Handian azaldu izana; animalien eskubideen aldeko jarrera oso nabarmena da hango gizartean, eta animaliak ikerketan ez erabiltzeko protesta-ekitaldi gogorrak izaten dira tarteka: laborategien kontrako erasoak gertatzen dira eta zenbait ikertzaile mehatxatuta daude.
Ondorioz, laborategiek diru asko inbertitzen dute segurtasunean, eta gastu horiek hainbat proiektu bertan behera geratzea eragin dute. Horixe gertatu da Ingalaterran eraikitzekoa zen Europako primate-laborategi handienarekin.
Britainia Handia aitzindaria izan da animalien eskubideen defentsan; izan ere, Animalien Kontrako Krudelkeriaren Legearekin laborategietan animaliekin egiten den lana arautzen lehenengoak izan ziren, 1876an. Lege horretan esperimentuetarako protokolo bat arautu zuten, eta gaur egun leku askotan erabiltzen den lizentzia-sistema ezarri zen. Europako herrialde gehienetan lizentzia behar da animaliekin ikertzeko, eta eskarian zer esperimentu egingo den adierazi behar da.
Eztabaida etikoa
Esperimentu horietan animaliei sufrimendua eta heriotza eragiten zaie, eta horrek eztabaida etikoa dakar, ezinbestean. Horren harira, Europako Parlamentuak 2000. urterako animalien erabilera % 50 gutxitzeko erabakia hartu zuen, baina erabaki hori ez da bete. Batasuneko estatuek metodoak optimizatzeko konpromisoa hartu zutenetik, neurketak egin dituzte, eta 1996tik 1999ra erabilitako animalien kopuruak behera egin bazuen ere, 2002rako berriro egin zuen gora.
Europako Batasunean animalia bat erabiltzen da hamabi minutuko, Japonian bat bi minutuko eta Estatu Batuetan bat minutuko. Europako Batasunean ikerketarako animalia gehien erabiltzen duen estatua Erresuma Batua da, eta, haren ondoren, Frantzia eta Alemania.
Asko izan dira giza gaixotasunen kontra eman diren aurrerapausoak animaliekin egindako esperimentuei esker. Gaur egun arruntak diren hainbat teknika eta tratamendu animaliak erabiliz garatu dira. Hori da, adibidez, anestesiaren kasua.
1885ean, gaitz infekziosoak animaliekin ikertu ondoren, koleraren eta amorruaren aurkako txertoa egin zituen Pasteur-ek. Hori zerrenda luze baten hasiera baino ez da, beste hainbat txerto lortu baitira animaliekin egindako ikerketaren ondorioz, esaterako, polioarena, errubeolarena, tuberkulosiarena, elgorriarena, hazizurriena eta abar.
Bestalde, animalietan egindako ebakuntzak laguntza handikoak izan ziren organo-transplanteen eta bihotz-ebakuntzen teknikak garatzeko. Antibiotikoek eta diabetearen eta minbiziaren aurkako tratamenduek ere animaliekin egindako proben mendekotasun handia dute.
Ezusteko emaitzak
Baina, nahiz eta animaliekin egindako ikerketek itxaropen handiak sortu, batzuetan handiegiak izaten dira animalien eta gizakien arteko ezberdintasunak. Zientzialari askoren ustez, esperimentuetan oreka daitezke ezberdintasun horiek, baina behin baino gehiagotan gertatu izan da animalietan emaitza ikusgarriak ematen zituen tratamendu batek ez izatea eragin bera gizakietan.
Bestalde, hainbat produktu eta droga animalietan probak egin ondoren gizakietan probatu eta merkaturatu egin dira, eta, epe luzera, gizakietan animalietan agertzen ez ziren arazoak sortzen dituztela ikusi da. Taliomidaren kasua izan zen, adibidez. Botika hori haurdunaldiko zorabioei aurre egiteko eraili zen 1955 eta 1967 bitartean, eta malformazio larriak eragin zituen milaka haurretan.
Kontrakoa ere gertatu izan da, eta animalietan eraginik ez zuten edo arazoak sortzen zituzten produktu batzuk oso garrantzitsuak dira gizakientzako. Digoxinak, esate baterako, kalte larriak eragin zizkien animaliei esperimentuetan, baina bihotzeko gaitzak tratatzeko oinarrizko sendagaia da.
Hori guztia dela eta, askok uste dute esperimentuak gutxitu eta emaitzak optimizatu egin daitezkeela, ikerketak errepikatu egiten baitira leku desberdinetan, laborategien arteko komunikazio falta eta lehia ekonomikoa direla medio. Ikerketan batere animaliarik ez erabiltzea ezinezkoa da, oraingoz, baina datuak konpartitzeak ikerketan animalia gutxiago erabiltzea ekarriko luke, gutxienez.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia