Animaliekin lagundutako terapia

2025/06/30 Aintzane Rodríguez Celaya - Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena SailaEHU | Garikoitz Azkona Mendoza - Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena SailaEHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Animaliekin lagundutako terapiak gero eta interes handiagoa pizten du, onurak eskaintzen baititu hainbat populazio-taldetan. Animaliak koterapeuta bihurtzen dira terapia horietan, non zientziak, oraindik ere, asko baitu ikertzeko.

animaliekin-lagundutako-terapia
Txakurrak dira gehien erabiltzen diren koterapeutak. Arg. Garikoitz Azkona

Gizakia espezie soziala da. Bizitza osoan zehar beste gizaki batzuekin harremanetan egoten da, eta askotariko loturak garatzen ditu haiekin; gure lehen lotura afektiboa, gehienetan, amarekikoa izaten da. Lotura horiek ohikoak dira beste animalia-espezie sozialetan ere [1], eta, beraz, ulergarria da gizakiak lotura afektiboak garatzea beste espezie batzuetako izakiekin [2].

Gizakien eta animalien arteko elkarrekintzaren ondorioak azaltzeko hainbat teoria daude; horien artean, biofiliarena eta atxikimendu-sistemarena dira nagusi. Lehenak dio gizakiak berezko interesa duela naturarekiko eta animaliekiko, eta hori, historian zehar, biziraupenerako lagungarria izan zaiola [3,4]. Bigarren teoriaren arabera, gizakien eta animalien arteko lotura atxikimenduan oinarritzen da; izan ere, gizakiok afiliazioa eta harreman afektiboak sortzeko premia unibertsala dugu, baita beste espezie batzuekin ere [5,6].

Horrenbestez, terapia tradizionalen osagarri edo alternatiba gisa gizakiok animaliekin sortzen ditugun loturak gure ongizatearen lagungarri izan daitezke, bai prebentzioari bai osasun-arazoen tratamenduari dagokienez. Ildo horretan, animaliekin lagundutako terapiak giza patologia fisiko zein psikikoen prebentzio eta tratamendurako animaliak erabiltzen dituzten metodoei egiten die erreferentzia. Saio terapeutiko batean, animaliak interakzio-bitartekari gisa jarduten du gizabanakoarekin edo taldearekin (1. taula).

1. taula. Jarduera bakoitza garatzeko aukeratutako metodologiak.

Terapia horiek gero eta interes handiagoa pizten ari dira arlo klinikoan. Espainian 1980ko hamarkadatik aurrera hasi ziren zabaltzen, eta, gaur egun, hainbat elkarte eta fundazio daude estatu mailan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan (2. taula).

2. taula. Animaliekin lagundutako terapietan diharduten estatu mailako eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta fundazio nagusiak.

 

Animaliak (ko)terapeuta gisa

Terapiarako animaliak bereziki hautatu eta trebatutako animaliak dira, eta gaitasun eta trebetasun zehatzak dituzte. Gaitasunen artean, lasaitasuna, oreka eta pertsonengana hurbiltzeko joera nabarmendu behar dira. Aldiz, trebetasunen artean daude motibazioari eustea, ingurune berezietan lan egiteko gaitasuna izatea eta pazienteen ezusteko erreakzioei egoki erantzutea[7].

Animalia hautatzerakoan, haren ongizateak du lehentasuna; horregatik, hautaketa horretan etologoek eta albaitariek parte hartzen dute, eta kontu handiz aztertzen dituzte pazienteen eta animalien arteko bateragarritasuna. Pazientea(k) eta animalia(k) arreta handiz parekatu behar dira, eta animalien ezaugarri intrintsekoek pazientean tratatu beharreko arazoekin bat egin behar dute[8].

Espezieei dagokienez, txakurrak dira erabilienak. Animalia-espezie horrek berezko portaera-ezaugarri baliotsuak ditu: alde batetik, espontaneoak dira eta interakziorako prestasuna dute; bestetik, baldintzarik gabeko maitasuna eskaintzen dute eta leialak eta amultsuak dira. Ezaugarri horiei esker, konfiantzazko espazio terapeutiko bat sortu daiteke, non aliantza terapeutikoa sendotu eta pazientearen eta terapeutaren arteko harreman segurua sustatzen baita; hori funtsekoa da terapia-prozesuaren kalitaterako [9].

Animaliekin lagundutako terapien onurak

Hainbat ikerketak deskribatu dutenez, animaliekin lagundutako terapiek onura fisiko, psikologiko eta sozial ugari lortu dituzte.

Onura fisikoak

Animaliekin lagundutako terapiak koordinazioa, erreflexuak, mugikortasuna eta muskulatura hobetzen laguntzen du, eta onura nabarmenak eskaintzen dizkie ezintasun fisiko edo sentsorialak dituzten pertsonei. Animaliek laguntza praktikoa eskaintzen dute (ateak ireki, objektuak jaso, gurpil-aulkiak bultzatu), eta, gainera, mugikortasuna, sozializazioa eta autonomia errazten dituzte. Horrek guztiak estresaren kudeaketa, segurtasun-sentsazioa eta autoestimua hobetzen ditu [10,11]. Fisiologikoki ere onurak dituela frogatu da: arteria-presioa eta kolesterol-maila hobetzen dira, eta estresaren neurokimika hobetzen da, murriztu egiten baitira noradrenalina- eta kortisol-mailak [12,13].

Onura psikologikoak

Animaliek enpatia, motibazioa eta autorregulazioa sustatzen dituzte, eta pazienteek, animaliekiko identifikazioa dela eta, terapiarekiko inplikazio handiagoa erakusten dute. Arlo emozionalean, animaliekin lagundutako terapiak segurtasun emozionala ematen du. Ikerketek erakutsi dute terapia horiek onuragarriak direla nahasmendu psikologikoen sintomak hobetzeko (adibidez, depresioa, fobiak eta portaera-nahasmenduak) [14–17].

Arlo kognitiboan, animaliek arreta eta kontzentrazioa hobetzen dituzte, baita autoestimua eta norbere buruarekiko konfiantza ere. Ondorio positiboak ikusi dira arreta-nahasmendua duten pertsonengan, baita ikasteko zailtasunak edo defizit kognitiboak dituzten haurrengan ere. Dementzia duten adinekoen kasuan ere hobekuntzak egiaztatu dira [18–21].

Onura sozialak

Animaliek geriatrikoetara, ospitaleetara eta espetxeetara egiten dituzten bisitek egoiliarren sozializazioa handitzen dute, eta haien aldartea eta harremanak hobetzen dituzte, bai pazienteen artean, bai terapeuten, familien eta lantaldeen kasuan. Interakzio horiek bakardadea eta isolamendu soziala gutxitzen dituzte, eta entretenimendua eta jokabide positiboak sustatzen. Haur eta nerabeetan, animaliek komunikazioa, judizio morala eta trebetasun sozialak hobetzen dituzte; autismoa duten haurren kasuan, ikusi da portaera disruptiboak murriztu eta gizarte-trebetasunak handitzen direla, eta haien bizi-kalitatea nabarmen hobetzen dela [22–26].

Animaliekin lan egiteak arrisku batzuk ekar ditzake, hala nola alergiak, infekzioak edo leku jakin batzuetara sartzeko mugak (adibidez, ospitaleetara). Hala ere, literatura zientifikoak dio onurak arriskuak baino handiagoak direla, eta, gainera, arriskuak higiene-protokolo egokiak aplikatuz minimiza daitezke. Beste arazo batzuk ere izan daitezke: maskota galtzeak eragindako dolua, bereziki adinekoen kasuan, edo pazientea, gaixotasuna dela eta, animaliaz arduratzen jarraitzeko gai ez izatea.

Deskribatu den bezala, animaliekin lagundutako terapiek onurak eskaintzen dituzte arlo fisiko, psikologiko eta sozialen, eta bereziki lagungarriak izan daitezke desgaitasunak, nahasmendu emozionalak edo bakardadea pairatzen dituzten pertsonentzat. Terapiarako animaliak egoki hautatu eta prestatuta daudenean, interakzio horiek seguruak eta eraginkorrak dira, eta ongizate orokorra sustatzen dute. Hala ere, nahiz eta emaitzak itxaropentsuak izan, oraindik ere ikerketa zientifiko zorrotzagoak eta metodologikoki sendoagoak behar dira, terapia horien eraginkortasuna eta mugak hobeto ulertzeko eta osasun-arretako sistemetan modu orokorragoan txertatu ahal izateko.

 

BIBLIOGRAFIA

[1]      Safrany, K. A., Len, A. O. 2005. “Vínculo y desarrollo psicológico: la importancia de las relaciones tempranas.” Revista Digital Universitaria ,6, 2–15.

[2]      Gutiérrez, G., Granados, D., Piar, N. 2007. “Interacciones humano-animal: características e implicaciones para el bienestar de los humanos”. Revista Colombiana de Psicología ,16, 163–184.

[3]      Wilson, O. 1984. Biophilia. Harvard University Press.

[4]      Serpell, J. 1996. In the Company of Animals: A Study of Human-Animal Relationships. Cambridge University Press.

[5]      Bretherton, I. 1985. “Attachment Theory: Retrospect and Prospect”. Monographs of the Society for Research in Child Development ,50, 3.

[6]      Cassidy, J., Shaver, P. R. 1999. Handbook of Attachment: Theory, Research, and Clinical Applications. Guilford Press.

[7]      Glenk, L. M. 2025. “Trends in Animal Welfare Research in Animal-Assisted Interventions”. Handbook on Animal-Assisted Therapy 235–248.

[8]      Fatjó, J., Manteca, X. 2003. Manual de Educación y Manejo de Perros y Gatos Para Programas de Terapia Asistida Por Animales de Compañía. Fundación Affinity, Sant Cugat Del Vallès.

[9]      Szewczyk, D., Fiega, J., Michalska, M., Żurek, U., Lubaszka, Z., Sikorska, E. 2023. “Therapeutic Role of Animals: A Comprehensive Literature Review on the Prevalent Forms and Species in Animal-Assisted Interventions”. Journal of Education, Health and Sport ,45, 215–235.

[10]    Bert, F., Gualano, M. R., Camussi, E., Pieve, G., Voglino, G., Siliquini, R. 2016. “Animal assisted intervention: A systematic review of benefits and risks”. European Journal of Integrative Medicine ,8, 695–706.

[11]    Rodrigo-Claverol, M., Malla-Clua, B., Marquilles-Bonet, C., Sol, J., Jové-Naval, J., Sole-Pujol, M., Ortega-Bravo, M. 2020. “Animal-Assisted Therapy Improves Communication and Mobility among Institutionalized People with Cognitive Impairment”. International Journal of Environmental Research and Public Health ,17, 5899.

[12]    Williams, C. L., Dagnan, E., Miner, K. M., Sells, P., Williams, C. L., Dagnan, E., Miner, K. M., Sells, P. 2018. “The Effect of an Animal-Assisted Intervention on Physiological Measures of Stress and Anxiety in Graduate Professional Physical Therapy Students”. Open Access Library Journal ,5, 1–16.

[13]    Chute, A., Vihos, J., Johnston, S., Buro, K., Velupillai, N. 2023. “The effect of animal-assisted intervention on undergraduate students’ perception of momentary stress”. Frontiers in Psychology ,14, 1253104.

[14]    Arsovski, D. 2024. “The Role of Animal Assisted Therapy in the Rehabilitation of Mental Health Disorders: A Systematic Literature Review”. Perspectives on Integrative Medicine ,3, 142–151.

[15]    Pandey, R. P., Himanshu, Gunjan, Mukherjee, R., Chang, C.-M. 2024. “The Role of Animal-Assisted Therapy in Enhancing Patients’ Well-Being: Systematic Study of the Qualitative and Quantitative Evidence.”. Jmirx med ,5, e51787.

[16]    Rodríguez-Martínez, M. D. C., Maestre, A. D. La P., Armenta-Peinado, J. A., Barbancho, M. Á., García-Casares, N. 2021. “Evidence of animal-assisted therapy in neurological diseases in adults: A systematic review”. International Journal of Environmental Research and Public Health ,18, DOI: 10.3390/ijerph182412882.

[17]    Huber, A., Klug, S. J., Abraham, A., Westenberg, E., Schmidt, V., Winkler, A. S. 2024. “Animal-Assisted Interventions Improve Mental, But Not Cognitive or Physiological Health Outcomes of Higher Education Students: a Systematic Review and Meta-analysis”. International Journal of Mental Health and Addiction ,22, 1597–1628.

[18]    Mills, D., Hall, S. 2014. “Animal‐assisted interventions: making better use of the human‐animal bond”. Veterinary Record ,174, 269–273.

[19]    Perkins, B. L. 2018. “A Pilot Study Assessing the Effectiveness of Equine-Assisted Learning with Adolescents”. Journal of Creativity in Mental Health ,13, 298–305.

[20]    Gee, N. R., Griffin, J. A., mccardle, P. 2017. “Human–Animal Interaction Research in School Settings: Current Knowledge and Future Directions”. AERA Open ,3, 233285841772434.

[21]    Folch, A., Torrente, M., Heredia, L., Vicens, P. 2016. “Estudio preliminar de la efectividad de la terapia asistida con perros en personas de la tercera edad”. Revista Española de Geriatría y Gerontología ,51, 210–216.

[22]    Sahebalzamani, M., Rezaei, O., Moghadam, L. F. 2020. “Animal-assisted therapy on happiness and life quality of chronic psychiatric patients living in psychiatric residential care homes: a randomized controlled study”. BMC Psychiatry ,20, DOI: 10.1186/s12888-020-02980-8.

[23]    Ang, C. S., macdougall, F. A. 2022. “An Evaluation of Animal-Assisted Therapy for Autism Spectrum Disorders: Therapist and Parent Perspectives”. Psychological Studies ,67, 72.

[24]    Ávila-Álvarez, A., Alonso-Bidegain, M., De-Rosende-Celeiro, I., Vizcaíno-Cela, M., Larrañeta-Alcalde, L., Torres-Tobío, G. 2020. “Improving social participation of children with autism spectrum disorder: Pilot testing of an early animal-assisted intervention in Spain”. Health and Social Care in the Community ,28, 1220–1229.

[25]    Beavers, A., Fleming, A., Shahidullah, J. D. 2023. “Animal-assisted therapies for autism”. Current problems in pediatric and adolescent health care ,53, DOI: 10.1016/J.CPPEDS.2023.101478.

[26]    Declercq, I. J. N., Leontjevas, R., Enders-Slegers, M. J., Molog, M., Gerritsen, D. L., Hediger, K. 2024. “Developing a research agenda on nature-based and Animal-assisted Intervention Strategies (NATAIS) in people with neurodegenerative diseases with a specific focus on social isolation and loneliness: a group concept mapping procedure”. BMC geriatrics ,24, 795.