}

Animalia-arrasto zaharrena

2002/05/10 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ikertzaileak, azkenaldian, fosil zaharrena aurkitzeko lasterketan sartuta dabiltzala dirudi.

Apirilean, 530 milioi urte inguruko duna batean, oinatz fosilduak aurkitu zituzten Kanadako hego-ekialdean. Animaliak eutikarzinidoak lirateke, 16-22 hankakoak, isasdunak eta 50 bat cm luze. Dena den, mota horretako sedimentuak datatzen zailak direla onartzen dute ikertzaileek.

Maiatzaren hasieran, berriz, Txinako Beijing-en, angiospermoen, hau da, loreak dituzten landareen, fosil zaharrena aurkitu zuten, duela 124,6 milioi urtekoa, gutxi gorabehera. Archaefructus sinensis jarri zioten izena landareari. Honako ezaugarriak izango zituzkeen: urtarra, 50 bat cm-ko luze eta loreak ur-azaletik kanpo.

Azkenik, gaur, animalia-arrasto zaharrenak liratekeenen berri izan dugu. Australian duela 1.000-1.200 milioi urteko arrastoak aurkitu dituzte. Ar- edo zizare-moduko animaliaren batek eginak lirateke. Milimetroa zabal eta hainbat zentimetro luze dituzte arrastoek eta batzuk besteak baino estuagoak dira. Marken formak, ugaritasunak eta nahasmenak bizidunen baten arrastoak direla ondorioztatu dute, eta ez arrasto geologikoak. Aurkikuntza egin duen Stefan
Bengtson-en ustez, antolamendu konplexuko animalia zelulanitza baino "zelula-multzo edo -elkartea" litzateke arrastoa utzi zuena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia