}

Anestesia osorik gabe emakumea behin betiko esterilizatzeko metodoa

2002/10/31 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Dexeus Unibertsitate-institutuan, emakumezkoak behin betiko esterilizatzeko metodo berri iraultzaile bat aurkeztu dute. Metodo berria STOP deitzen da eta tronpen hasieran mikrofilamentu bat sartzean datza. Iraultzailea dela diogu, tronpen loturak ez bezala, ez baitu ebakuntza kirurgikorik eskatzen.

Mikrofilamentuak 4 cm-ko luzera, 0,8 mm-ko diametroa eta espiral-forma du. Baginatik hari baten laguntzaz sartzen da tronpen hasieraraino. Operazioak ordu-laurden inguru irauten du eta nahikoa da anestesia lokala ematea. Ordubeteren buruan, emakumea etxera itzul daiteke eta 24 orduko atsedenaldiaren ondoren, eguneroko jardunei heldu.

Oraingoz ez da erreakzio negatiborik azaldu, dispositibo hori egiteko erabiltzen diren materialak biobateragarriak baitira; titaniozkoa, altzairu herdoilgaitzezkoa eta nikelezkoa izan daiteke. Dagoeneko 3.000 emakumeri jarri diote mundu osoan. Kasuen % 99,9an helburua lortu da eta emakumeen % 97 pozik agertu da emaitzarekin. Gainera, ez du hilerokoan eta harreman sexualetan eraginik.

STOP metodoa behin betiko esterilizatu nahi duten emakumezko guztientzat da egokia eta, gainera, tronpen lotura baino askoz merkeagoa izango da. Mikrofilamentuak 900 euroko prezioa du.

Nola funtzionatzen du

Dispositiboa tronpen hasieran jartzen da eta bi mekanismoren bidez lortzen du obuluei tronpatik ateratzea oztopatzea. Alde batetik, tronpa-bidean lekua hartzen du eta, batez ere, tronpen paretetan hantura eragiten du. Erreakzio hori dela eta, tronpen paretak puztu egiten dira mikrofilamentua inguratu eta tronpa-bidea osoki buxatu edo itxi arte.

Hiru hilabeteren buruan, emakumeak errebisio bat pasa behar du. Abdomenean erradiografia bat egiten da tronpa-bidea itxita dagoela ziurtatzeko. Hiru hil horietan, bikoteak beste antisorgailuren bat erabiltzea aholkatzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia