}

Anbarak irentsitako intsektuak

2010/10/26 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Indiako mendebaldean, 50 milioi urteko antzinatasuna duen anbarraren barruan, antzinako 700 intsektu-espezie zaharren fosilak aurkitu dituzte, gehienak ere oso egoera onean. Ikerlana Alemaniako ikertzaile-talde batek egin du, eta hari dagokio goiko argazki ikusgarria. Polita ez ezik, aurkikuntza garrantzitsua ere bada bere horretan; izan ere, hari esker egiaztatu dute Indiako biodibertsitatea ez zela garatu modu isolatu batean, orain arte uste zen bezala.

Ikerlariek 136 kilo anbar baino gehiago erauzi dituzte aztarnategietatik. Gerora fosildu eta anbar bihurtu zen erretxina haren jatorria mundu mailan hedatutako zuhaitz tropikalen familia batean kokatu dute. Anbara disolbatuta aurkitu dituzte, besteak beste, ondo kontserbatutako intsektuen, araknidoen eta krustazeoen fosilak (55 familia baino gehiagori dagozkienak), bai eta landare- zein onddo-hondar ugari ere.

Intsektu horiek egungo Asiako eta Australiako espezieekin duten loturak harritu ditu ikerlariak. Eta aspaldian Mexikon edo Ertamerikan aurkitutako beste espezie batzuekin ere erlazioa dutela ikusi dute. Hala, ondorioztatu dute duela 50 milioi urte India eta Asia ez zeudela erabat banatuta. “India isolatuta egon zen, baina ez dugu argi noiz, ez eta zenbat denboraz ere. Indiako anbarak fauna anitzeko baso tropikal baten erregistro primitiboa du. Ebidentzia biologikoak lortu ditugu, nolabaiteko lotura biotikoa egon zela adierazten dutenak”, diote ikertzaileek.

Irudia: Bonneko Unibertsitatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia