
X izpien teknika berezi baten bidez, anbar opakuaren barrenak ikusgai jarri dituzte Rennesko Unibertsitateko zientzialari batzuek. Erdi Kretazeoko 640 anbar-puska aztertu zituzten, eta 356 animaliaren fosilak aurkitu zituzten, liztor eta eulietatik hasi eta inurri nahiz armiarmetaraino.
Aspalditik dakite zientzialariek anbara fosil-iturri aberatsa dela, garai batean zuhaitzen erretxinatan itsatsita gelditu ziren hainbat bizidunek kontserbazio-egoera paregabean iraun dutelako erretxina hori fosildu eta anbar bihurtutakoan. Garai geologiko batzuetako anbar gehiena, ordea (Kretazeokoa, adibidez), opakua da, eta harri-puska bat dirudi; beraz, ezinezkoa da begi hutsez jakitea barruan zer duen. Teknika berezi horren bidez, berriz, argia anbararen barrura sartu ahal izan dute, eta, erradiografia baten antzera, barruan duenaren berri izan dute.
X izpien bidez antzemandakoan, mikrotomografia-teknika bat erabili zuten animalion hiru dimentsioko irudiak eraikitzeko; alegia, anbaretatik atera zituzten birtualki. Xehetasun handiko irudiak lortu zituzten, eta, horri esker, paleontologoek zehaztasun handiz aztertu eta deskribatu ahal izan dituzte.
Aurkitutako animalia gehienak txikiak ziren. Zientzialariek azaldu dutenez, horrek adierazten du animalia handiagoak gai zirela erretxinatatik ihes egiteko, eta txikiak bakarrik gelditzen zirela harrapatuta.
Argazkiak: M. Lak, P. Tafforeau, D. Néraudeau eta V. Girard
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.