}

Amilotx urdina, ugaltzaile aparta

1993/12/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gutxi izanen dira, gure lurraldean, amilotx urdinak (Parus caeruleus) bezain itxura polit eta deigarria duten txoriak. Haritz sendoaren adarren artean gora eta behera saltoka dabilela, bere buru, hegal eta isats urdinek, eta bular eta sabelalde horiak kontraste ikusgarria dute. 11-12 cm-ko luzera duen txoritxo hau, bestalde, izakeraz bizia eta alaia da oso, eta gizakiarekiko beldur gutxi erakusten duenez, gertutik ikusteko aukera eskaintzen digu sarritan. Horrelakoetan, lepoko beltzez inguratutako aurpegi zuri garbia eta begietan zehar garondo urdineraino doakion arrasto beltz nabarmena dituela jabetuko gara, aldi berean txoritxoak lau haizetara zabaltzen duen kantu alai, lotsagabe eta aldakorraz gozatzeko parada izanen dugularik.

Gutxi izanen dira, gure lurraldean, amilotx urdinak (Parus caeruleus) bezain itxura polit eta deigarria duten txoriak. (Argazkia: J.R. Aihartza).

Zenbaitetan txantxangorria bera bezain ausarta eta borrokazalea ageri bada ere, amilotx urdinak, eta basoko beste zenbait espezietan gertatzen den legez, nahikoa txori taldezaleak izaten dira araldian ez daudenean, eta udazkenean edo neguan maiz ikusiko ditugu beren “lehengusu” diren amilotx mottodunekin, kaskabeltz desberdinekin, garrapoekin, eta beste zenbait txorirekin batera, espezie bat baino gehiagoko taldeak eratuz. Jokabide hau animalia hauen defentsabideak hobetzeko tresnatzat jotzen da. Izan ere, talde handitan ibilita begi gehiago izanen baitira etsaiak edo harrapakariak ikusi ahal izateko.

Elikadurari dagokionez, amilotx urdina intsektujale amorratua da. Moko beltz, koniko eta laburra tresna bikaina du lan horretarako, eta hortxe aritzen da, adar-muturretan buruz behera, akrobazia ikusgarritan, edota enbor-azalak mokoaz kolpatuz, bertan topa ditzakeen beldar, armiarma, landare-zorri, eta gainerako ornogabe desberdinen edota hauen larben bila. Gainera, eta beste intsektiboro gehientsuenek egiten duten legez, udazkenetik aurrera zenbait fruitu eta hazi ere jaten du, ornogabeak hain urri direneko urte-sasoi hotzetan bere dieta osatu asmoz.

Bizidun guztiek badute, ordea, besteak baino deigarriagoa suertatzen zaigun ezaugarriren bat, eta amilotx urdinak kumeak egiteko orduan harritzen gaitu bereziki. Izan ere, txoritxo lirain hau ugaltzaile aparta baitugu!

Apirilaren hasiera alderako bikotea eratua da jadanik, eta habia egiteko erabiliko duten lurraldea ere aukeratua dute. Une horretatik aurrera lan-banaketa nabaria izaten da bikotearen baitan: arra erabat lurraldekoi bilakatu eta lehiakide izan daitezkeen guztiak bere lurraldetik uxatzeaz arduratuko da; emeak, aldiz, habia eraikitzeari ekingo dio. Habia egiterakoan, ordea, lehen lana leku aproposa aurkitzea izanen da, eta horretarako, amilotx urdinak —hegazti troglodita izaki— nolabaiteko zuloren bat bilatzen du. Honelakoetan haritz, gaztainondo edota bestelako zuhaitz zaharretan ageri ohi diren zulo, tarte eta zartatuak ditu gogokoen, baina horrelakorik aurkitzen ez badu, habia-kutxak, horma-zuloak, etab. erabil ditzake.

Txitoak jaio ondoren, hauek 16-21 egunez egongo dira habian, eta denboraldi horretan gurasoen lana izanen da berauei bazka ematea.
J.R. Aihartza

“Etxe” aproposena topatu ondoren, hau prestatzeari ekiten dio emeak, habia izango dena egoki moldatzeko, goroldio, belar, armiarma-sare eta bestelako materialez baliatuko delarik. Azken “ukitua” habiako ohantzea lumaz eta ilez gozatzea izango da. Baina amilotx urdinaren benetako ahalegina, guzti hauek bukatu ondoren etorriko da.

Habia prest duenean, emea erruten hasten da, eta hurrengo egunetan gorriz pintarratutako 8-12 arrautza zuri jarriko ditu, hauen txitaldia 13-16 egunez luzatuko delarik. Eta lan honek sekulako energi gastu handia dakarkio emeari: arrautza bakoitzaren pisua 1´3 g-koa izan ohi da, eta txitaldi bakoitzeko batezbeste 11 arrautza erruten dituenez, honek 14´3 g-ko errunaldia duela esan nahi du. Baina emearen pisua 11 g ingurukoa besterik ez da!. Beraz, amilotx urdinaren kasuan, errunaldi bakoitzeko arrautzen, eta emearen pisuaren arteko erlazioa % 130ekoa da, hau Europako hegazti guztietan altuena delarik.

Hori burutu ahal izateko, erruterakoan, emeak 15 g inguruko pisua behar izaten du: 15 g = pisu normala (11 g) + arrautza baten pisua (1´3 g) + hurrengo arrautzetarako erreserbagaiak. Horrek, noski, sekulako elikagai-mordoa eskuratzea eskatzen dio, eta horixe izan bide da sasoi honetan arraren lana: emearen energi eske amaigabea asetzea, alegia.

Eta gerokoa ere ez da txantxetako kontua: arrautza guztiak errun ondoren txitatu egin behar dira, eta 11 arrautza txitatzeko askoz ere energia gehiago erre behar da kopurua txikiagoa denean baino. Bestalde, txitoak jaio ondoren, hauek beste 16-21 egunez egongo dira habian, eta denboraldi horretan gurasoen lana izanen da berauei bazka ematea.

Baina lan hau ere ez zaie gehiegizkoa iruditzen, antza, amilotx urdinei, eta udaberriro, batekin aski ez eta bi txitaldi burutu ohi dituzte!

Naturan gehienetan gertatzen den legez, ordea, jokabide ugaltzaile amorratu hau ez da aukerakoa izaten; halabeharrezkoa baizik. Izan ere, amilotx urdin helduen urteroko bizirik irauteko tasa % 30ekoa besterik ez baita, txori eder hauen batezbesteko biziraupena urte bakarrekoa delarik. Horregatik, parido bitxi honen kasuan (eta hilkortasun handia duten espezie guztien arauari eutsiz), populazioaren bizirik irauteko aukera ugalkortasun handiaren menpeko da (ikus 1. taula). Eta ondorioz, lan honetan jotzen dituzte beren ahalegin guztiak.

Amilotx urdinak –hegazti troglodita izaki–, haritz, gaztainondo edota bestelako zuhaitz zaharretan ageri ohi diren zulo, tarte eta zartatuak ditu gogokoen, habia bertan egiteko.
J.R. Aihartza

Ondorioz, amilotx urdina asko hedatutako espeziea dugu, eta Europan ia nonnahi aurki daiteke (ekialdera Uraletan eta Pertsian duelarik muga); baita Afrikako ipar-mendebaldean eta ekialdean ere. Bere bizilekua basoak eta zuhaizti itxi samarrak izaten dira, eta hostozabalezkoak nahiago izaten ditu koniferozkoak baino. Euskal Herrian ugari ageri den arren, harizti atlantiarretan da ugarien, bertan espezie dominatzaileetariko bat izaten delarik, baina gaztainadi eta oihan mistoetan ere erraz aurki daiteke. Artadi eta erkameztietan berriz, urriago izaten da, eta pagadi eta pagadi-izeidietan ere bai, azken hauetan 1.650 m-ko altitudeetaraino ikusi ahal izan den arren.

Basozalea dela eta, Erribera aldean urriago izaten da bertako deforestazioaren ondorioz, eta eskualde horretan ibai-ertzetako sotoetan —hobekien kontserbaturikoetan—, eta Bardeetako pinudietan baino ez daiteke ikus. Aldiz, eta txoritxo eder honen portaera lotsagabea dela eta, eskualde epeletan sarritan ikusi ahal izango dugu gure herrietako lorategi eta parkeetan ere, gizakiongandik hurbil bizitzeko inolako beldurrik gabe.

Fitxa teknikoa AMILOTX URDINA
Espeziea: Parus caeruleus
Familia: Paridoak
Ordena: Paseriformeak
Klasea: Hegaztiak
Batezbesteko arrautza-kopurua errunaldikoErrunaldiaren eta emearen pisuen arteko erlazioa %tanBizirik irauteko tasa %tanBatezbesteko
biziraupena
urtetan

Amilotx urdina
Txantxangorria
Belatz gorria
Birigarroa
Kaio hauskara
Fulmarra

11
5
5
4
3
1130
67
40
32
31,8
12,630
50
60
65
92
951
1,5
2
2,4
12
191. taula.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia