Amiamoko zuria, zorion-hegaztia
1991/05/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zorion-seinaletzat hartu izan da, bai, betidanik, amiamokoa. Hainbat eta hainbat ipuin eta legendatako protagonista, zorioneko berrien mezulari eta bertute gizatiar gehienen gordailutzat jo izan da hegazti bikain hau gure inguruko kultura gehientsuenetan. Claudio Eliano-k (K.a. IV-III. mendean) bere Animalien Historian zioenez, nekez aurki omen zitekeen amiamokoak adinako maitasun eta leialtasunik adierazten zuen animaliarik. Izan ere hegazti eder honek, bere txitak zaintzeaz aparte, zahartutako gurasoen ardura ere bere gain hartzen omen zuen eta beren kabuz jateko gai ez zirenean jakia ematen zien.
Baina kontuak kontu eta sineskeriak sineskeria, ez da erraza gizakiak hegazti honekiko izan duen begirune bereziaren arrazoiak asmatzea. Egia da, bai, amiamokoak gizakiongandik gertu bizitzeko joera nabaria duela, eta ez diola gure bizimoduari inolako eragozpenik ezarri (ez ditu nekazal alorrak, ez aziendak kaltetzen), eta bere edertasuna gozagarri dela gure begientzat. Hala ere, ez dirudi arrazoi hauek gizaki eta naturarekiko harremanen nondik norakoak finkatzerakoan aski eraginkorrak direnik. Gainerako espezie gehienei dagokienean ez behintzat.
Amiamokoa zikoniformeen ordenean sailkatu da, lertxun, amiltxori, mokozabal eta flamenkoekin batera, eta hauek bezala, gorputz-adar luzeak eta moko luze eta zorrotza dituelako bereizten da. Tamaina handiko hegaztia da (100-105 cm-ko altuera eta 155-170 cm-ko hegal-zabalera ditu), eta bere lumaje zuri argitsuan hegal-muturretako luma beltzak eta zango eta moko gorriminak deigarri gertatzen dira oso hegan doanean ere.
Gainerako zikoniformeak bezala, amiamokoa ere hegazti ehiztaria dugu, eta bere harrapakinak igelak, arrainak, narrastiak, eta beste makina bat intsektu dira. Horregatik, amiamokoak zelai hezeak, zingirak, aintzirak edota beste ingurune hezeak behar ditu bizilekuaren inguruan, baldin eta beretzat eta hazi behar dituen txitentzat elikagairik lortuko badu.
Hegazti migratzailea izaki, hilabeterik hotzenak hegoaldeko epeltasunean igaro ondoren neguaren azkenetan gure herrietako dorre eta eraikuntza garaienetan utzitako habietara itzultzen da belaunaldi berriak munduratu asmoz. Lehen amiamokoak otsaila aldean edo iristen dira, lehen lana adarrez, zapi zaharrez, goroldioz, belarrez eta beste hainbat materialez osatutako habia erraldoiak konpondu eta egokitzea dutelarik. Hegazti hauen araldiko kantu eta dantzak bitxiak dira oso: urtean zehar erabat isilak diren arren, sasoi honetan amiamokoek karrakaka ozenez agurtzen dute elkar, aldi berean burua gora eta behera astiro kulunkatuz. Honelako kantuak txitaldi osoan zehar izaten dira, arrak nahiz emeak, habiara txitatze-lanetarako txanda hartzera joaten denean, bere kideari erreberentziazko edo begirunezko agur gisara errepikatzen diolarik.
Martxoaren azkenetan edo apirilaren hasieran jarritako 3-6 arrautzek hilabete inguruko txitaketa behar dute amiamoko-txitak jaio aurretik. Une honetatik aurrera, eta lehen hilabetean zehar bereziki, gurasoetariko bat habian izango da beti kumeak babesten, elikagaiak lortzea beste gurasoaren lana izanik. Arra eta emea txandakatu egiten dira lan hauetan. Bi hilabeteko adina dutenean, udaren hasiera aldera beraz, aurrera atera diren txitak hegan egin aurreko lehen ariketetan hasiko dira. Hasieran hegalak astindu besterik ez dituzte egiten, baina laster habiaren gainean jauzi egin, eta une laburrez airean mantentzen ikasten dute, berriro habiara eroriz. Aste gutxitan txitak gurasoen atzetik hauek jakia lortzen duten lekuetara abiatzeko gai izango dira, bertan ehizatzeko tekniketan trebatzen hasteko. Abuztuaren erdi aldera berriz, eta beste hegazti zangoluze gehientsuenekin batera, Afrika tropikaleranzko bidaia luzeari ekingo diote, gure herriak utziz.
Amiamokoa espezie paleoarktikoa dugu, eta habiagile modura Afrikako iparraldean, Asia zentralean —Turkestanen— eta ekialdean —Korea eta Japonian— eta Europako eskualde batzuetan ageri zaigu. Gure kontinentean populaziorik sendoenak hego-ekialdean eta Iberiar penintsulan kokatzen dira, erdi aldean askoz ere urriagoa izanik.
Bere habitatari dagokionean, klima mediterraniar epeleko eskualdeak behar ditu, eta esan bezala, derrigorrezkoak ditu nolabaiteko ingurune hezeak elikagaia lortzeko (larre hezeak, ibai- edo aintzira-bazterrak, etab.). Mota honetako inguruneek ordea, atzerakada handia izan dute Europa osoan azken hamarkada hauetan, bai kuantitatiboki eta baita kualitatiboki ere, eta ondorioz amiamokoek ere atzera egin dute. Euskal Herriari dagokionean ere gauza bera esan daiteke. Duela 40 urte inguru habia egiten zuten 30 bikotetik gora ziren Araban. Egun ordea, bikote bakar bat geratzen da, eta bere iraupena ere zalantzan dago. Nafarroan berriz, 1960.ean ia 80 bikote ugaltzaile ziren eta 24 urte geroago 44 besterik ez ziren geratzen, guztiak Ebro ibaiaren bailarako herrietan kokatzen direlarik.
Dirudienez eta konponbiderik ematen ez badiogu, zorion-hegazti izan den honi ere iritsi zaio dagoenekoz zoritxarraren ordua. Gizakiaren eskutik, noski.
FITXA TEKNIKOA: AMIAMOKO ZURIA |
ESPEZIEA: Ciconia ciconia FAMILIA: CICONIIDAE ORDENA: ZIKONIFORMEAK KLASEA: HEGAZTIAK |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia