Ametsak “irakurtzeko” ametsa
2010/11/28 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Nork ez luke nahiko, bada, ametsak irakurtzea? Besteenak ez ezik, norbere ametsak ere jakitea interesgarria izango litzateke askorentzat. Batzuetan lortzen dugu gure gaueko ametsak oroitzea, baina beste batzuetan hor ibiltzen gara, nahi eta ezinean.
Antzinako Egipton, ametsak jainkoen mezuak zirela uste zuten. Eta, denboran eta geografian hain urrutira joan beharrik gabe, badakigu psikologoek ametsei behatu ohi dietela, adimen inkontzientea ulertu ahal izateko. Ametsak interpretatzeko teoria eta teknika ugari dago; baina, orain arte, biderik zuzenena edo baliatuena jendeari esnatu ostean bere ametsak deskriba ditzan eskatzea izan da.
AEBn, Kaliforniako Teknologia Institutuan (Pasadena) asmo handiko proiektu batean ari dira lanean: ametsak grabatzea eta haiek interpretatzea bilatzen dute, eta horretarako garuneko jarduera doitasun handiz eta maila handi batean erregistratzeko gai direla diote. Nature k eman du albistea.
“Jendearen ametsak irakurri nahi ditugu”, diote. Baina garatzen dabiltzan sistemari esker epe motzean lortu ahalko dutena xumeagoa da. Oraingoz, xede nagusia hauxe da: psikologoei aukera eskaintzea jendeak bere ametsen inguruan dituen oroitzapenak berrestu ahal izateko, eta, horretarako, garuneko jardueraren bistaratze elektronikoa baliatzea. Prozedura hobetu eta doituz gero, komunikatu ezin diren pertsonen pentsamenduak interpretatzen ere lagun lezakeela esan dute.
"Marilyn Monroeren neurona"
Abiapuntutzat, neuronen jarduera objektu edo kontzeptu jakin batzuekin lotuta dagoela dioen tesia hartu dute. Esperimentua hamabi lagunekin egin da (epilepsia-krisi larriak pairatzen dituzte); haien garuneko jarduera aztertzeko, bakoitzari 64 elektrodo ezarri zizkieten lobulu tenporal medialean.
Pazienteei zenbait irudi erakutsi zizkieten, eta haien garunek bidaltzen zituzten seinaleak ordenagailu batean erregistratu zituzten. Hala lortu zuten objektu edo kontzeptu batzuekin lotura zuzena zuten neuronak identifikatzea. Ikerlariek ikusi zuten, adibidez, boluntarioek Marilyn Monroerengan pentsatzen zutenean, haien neurona jakin bat aktibatzen zela; beste objektu edo pertsonaia famatu batzuekin ere (Eiffel dorrea edo Bill Clinton, esaterako) gauza bera gertatu zen, kasu bakoitzean garuneko zelula jakin bat aktibatzen zen eta.
Oraingoz, ikerlarien datu-basean dauden elementuekin soilik egin ahal izan dute esperimentua, baina ikerlariek diote datu-basea aldatzeko eta aberasteko aukera izango dutela. Esperimentua boluntarioak lo dauden bitartean egitea izango da hurrengo urratsa. Elektrodoak ezartzerakoan kalte itzulezinak sortzeko aukera oro ekidingo dituztela ere argitu dute.
Ikerketaren arduradunak adierazi du garuneko neuronen jarduerari erreparatuta “subjektuen adimena irakurtzeko” gai direla. Behatze soil hori ametsak grabatzeko egiazko gailu bihurtzeko bidea luzea izango dela aitortu du; ametsen narrazio oso bat beharko bailitzateke haien esanahia osotasun batean interpretatu eta ulertu ahal izateko. Nolanahi ere, etorkizunean hori lortzea posible izango den ziurtasun osoa dute: “eta saiatu egingo gara”. Erronka horri helduta jarraituko dute lanean.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia