}

Amaraun bustia, ehungintzan eredu

2010/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Amaraun bustia, ehungintzan eredu
2010/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Uloborus walckenaerius armiarmaren sarea eredu hartuta, ehun sintetiko berria egin dute Txinako Zientzia Akademiako zientzialari batzuek. Amaraunaren ezaugarri interesgarriena da nola jokatzen duen hezetasunaren aurrean. Aireko ura sarearen gune jakin batzuetan kondentsatzen da, 100 mikrometroko diametroa izan dezaketen tantetan. Horren ondorioz, energiaren eta presioaren gradienteak sortzen dira amaraun osoan. Azken batean, egiturak kontzentratu egiten du hezetasuna, eta oso modu eraginkorrean kanporatzen du, atmosferaren kondizioak aldakorrak izanda ere.

Zuntz sintetiko baten bitartez jokaera hori imitatzea lortu dute zientzialariek. Polimetil metakrilatozko zuntzak erabili dituzte; material horrek eta armiarmaren zetak antzerako jokabidea dute urarekin, atomoen arteko elkarrekintzari dagokionez. Baina ur-tantak gune jakin batzuetan kontzentratzeko, zuntzek egitura fisiko jakin bat izan behar dute. Hori izan da zientzialarien erronka: egitura hori zein den jakitea. SEM mikroskopio elektroniko baten bitartez aurkitu dute, eta zuntz batzuk egin dituzte egitura horrekin. Emaitzak amaraunak bezala jokatzen du. Oraingoz, laborategiko esperimentua besterik ez da, baina aurrerantzean ehungintzan aplikatzeko moduko materiala izan daitekeela esan dute zientzialariek.

1
267
2010
9
009
Materialak
Albisteak
13

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia