Ama-hizkuntza ahaztu arren, garunean gelditzen da
2014/11/18 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Frantses-hiztunek adoptatutako ume txinatarrekin egindako esperimentu batekin, ama-hizkuntza ahaztu arren, garunak haren aurrean erantzuten jarraitzen duela frogatu dute ikertzaile kanadarrek. PNAS aldizkarian argiataratu dute lana.
Bederatzi eta hamazazpi urte arteko 48 ume eta gazterekin egin dute esperimentua. Horietatik, batzuk Kanadan jaioak eta frantses-hiztun elebakarrak ziren; beste batzuk Txinan jaioak, 3 urte izan baino lehen frantses-hiztunek adoptatuak eta txinera ahaztu dutenak, frantses-hiztun elebakarrak, alegia; eta, azkenik, aurrekoak bezala adoptatuak baina txinerarekin jarraitu dutenak, eta, beraz, elebidunak. Denei txineran ohikoak diren eta frantsesak ez dituen soinuak jarri zizkieten, garunaren jarduera neuronalaren jarraipena egiten zieten bitartean.
Txinera jaiotzetik entzun zutenek, gero ahaztu edo ez, antzeko jarduera neuronala erakutsi zuten: ezkerreko eta eskuineko zirkunboluzio tenporalak aktibatu zitzaizkien. Jaiotzetik frantsesa bakarrik jaso zutenei, ordea, eskuinekoa bakarrik aktibatu zitzaien. Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute, ikasten den lehen hizkuntzak, nahiz eta ahaztu, arrastoa uzten duela garunean.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia