Ama estrespean egonda, txitei gehiago hazten zaizkie hegoak
2011/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Harraparietatik errazago ihes egiten lagundu diezaiekete hego luzeak eta gorputz txikiak izateak.
Kaskabeltz handi ama obulatzen ari dela harrapariak sumatzen baditu, obulu horietatik sortzen diren ondorengoek hego luzeagoak dituzte. Ondorio horretara iritsi da Bernako Unibertsitateko ikertzaile-talde bat; Functional Ecology aldizkarian eman dute ikusitakoaren berri.
Ez da lehenengo aldia harraparien presentziak ondorengoetan zer eragin duen aztertzen dena. Bernako Unibertsitateko ikertzaile horiek berak, esate baterako, 2005ean egindako ikerketa batean ikusi zuten harraparien presentzian kortikosterona hormonaren maila igotzen zitzaiela emeei. Horren eraginez, ondorengoak txikiagoak zirela ikusi zuten. Orduan, ordea, ezin izan zuten jakin estresaren ondorio negatibo bat izan zen edo inguruan harrapariak izateak eragindako egokitze-erantzun bat.
Zalantza hori argitze aldera, ikerketa berrian kaskabeltz handiaren populazio natural bat aztertu zuten, emeen obulazio-garaian. Populazioaren zati batentzat gabiraien presentzia simulatu zuten, disekatutako gabiraiak jarriz ikusgai, eta haien hotsak igorriz. Beste taldean, berriz, birigarroekin egin zuten hori bera (ez dira harrapariak). Txitaldia bukatutakoan, txitak hartu eta esperimentutik kanpo zegoen populazio batean sartu zituzten, eta han zeudela kumeen hazkuntzari jarraitu zioten.
Ikusi ahal izan zutenez, harrapariekin egondako emeen kume guztiak besteak baino txikiagoak izan ziren. Eta, horrez gainera, ohartu ziren lehenengo taldeko kumeei azkarrago eta hein handiagoan hazi zitzaizkiela hegoak. Batez beste, 1,8 milimetro handiagoak ziren harraparirik gabe egondako emeen kumeenak baino. "Txikiagoak izatea eragozpentzat jotzen bada ere, hego luzeagoen ondoan jarrita hegaldi hobeak egitea izan daiteke emaitza, eta horrek bizirik irauten laguntzea", adierazi du ikertzaileetako batek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia