}

Alzheimerren gaixotasunaren inguruko ikerketa aurrera doa

2001/08/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Alzheimerren gaixotasunaren aurkako txerto batek probetako lehen urratsa gainditu du eta beste batek saguekin emaitza onak izan ditu.

Elan Corporation enpresan, Alzheimerren gaixotasuna tratatzeko txertoa gizakiekin probatzen ari dira. Duela bi urte, enpresak saguekin egin zituen lehen probak eta emaitza onak lortu zituzten. Sagu gazteak immunizatu zituzten txertoaren bitartez. Gero, gizakiekin probatzeko lehen urratsa jarri zuten martxan.

Gaixotasuna garunean beta-amilasa proteinak pilatzen direnean sortzen dela onartuta dago. Horrela eratzen diren proteina-plakek neuronen arteko komunikazioa oztopatu eta, batzuetan, eten egiten dute. Ondorioz, neuronek apoptosia aktibatzen dute (zelulek suizidatzeko duten prozedura). Txertoaren helburua plaka horiek desegitea da.

Alzheimerrak sistema immunologikoa ahultzen du eta, beraz, gaixoak ezin dio beste gaixotasun bati aurre egin. Horregatik, gaixo asko pneumoniak edo antzeko beste gaitz batek eraginda hiltzen dira.

Elan Corporation enpresako txertoa, AN-1792 izenekoa, gaixotasuna oso garatuta ez duten ehun pazienteekin probatu da, eta gaixoen sistema immunologikoa indartzea eragin du. Horrek ez du ematen galdutako neuronak berreskuratzeko aukerarik, baina gaixotasuna hedatzea geldiarazten da. Zientzialariek orain probetako hurrengo urratsa abian jarriko dute.

Bestalde, New Yorkeko beste zientzialari batzuk antzeko beste txerto bat probatzen ari dira saguekin. Orain arte, saguen garunean eratutako plaken % 90 desegitea lortu dute. Txerto horrek ere urte batzuk beharko ditu gizakiekin probatzen hasi baino lehen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia