}

Alzheimerra izateko arriskua duzula jakitea edo ez, berdin dio

2009/08/09 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Nola erreakzionatuko zenuke genetikoki alzheimerra izateko arriskua duzula jakingo bazenu? Boston Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, horren berri izan eta urtebetera, portaera bertsua dute beren genoman gaixotasuna garatzeko arriskua dutela dakitenek eta beren genomari buruzko informaziorik ez dutenek.
Nahiko erraz jakin dezake edonork gaur egun genetikoki aldez aurreko joera duen bere bizitzan zehar hainbat gaixotasun pairatzeko
NHGRI

Odol-analisi bidez, listu pixka bat emanez edo norberaren zelulak izan ditzakeen beste edozein lagin hartuta, nahiko erraz jakin dezake edonork genetikoki aldez aurreko joera duen bere bizitzan zehar alzehimerra, bularreko minbizia, hiperkolesterolemia edo beste hainbat gaixotasun pairatzeko.

Erantzuna ezezkoa denean, hau da, aparteko arrisku ez dagoenean, primeran, poz-pozikjartzen dira analisia egin dutenak, eta izugarrizko lasaitua hartzen dute. Noski. Emaitza baiezkoa denean izaten dira arazoak. Horren berri izateak traumatizatu, deprimitu, edo etsipen-egoera batean sar dezake edonor.

Boston Unibertsitateko ikertzaileak 2000. urtean hasi ziren Alzheimerra izateko Arriskuaren Ebaluazioa eta Heziketa izeneko ikerketarekin. Alzheimerra aukeratu zuten oraingoz sendabiderik ez duen gaixotasuna delako, eta, hortaz, edonor lur jota uzteko arriskua izan dezakeelako gaixotasuna izateko joera duela jakiteak.

Gene jakin bat izateak handiagoa egiten du zahartzaroan alzheimerra pairatzeko arriskua.

Beren senideen artean alzheimerrak jotako kideren duten boluntarioak aukeratu zituzten ikerketarako, eta, zehazki, APOE izeneko genea aztertu zuten boluntarioen DNAn. Gene horrek gibelean, garunean, giltzurrunetan eta abarretan dagoen proteina jakin bat sintetizatzeko informazioa du, eta gizakietan hiru bariante izan ditzake, APOE2, APOE3 eta APOE4.

APOE3 genetik sortzen den proteina normala da, baina beste bi formek sortzen dituztenak ez, eta APOE4 genearen proteina alzheimerrarekin lotuta dago. Gene horren kopia bat duten pertsonek hiru aldiz arrisku handiagoa dute alzheimerra garatzeko, eta bi geneak mota horretakoak dituztenek, hamabost aldiz arrisku handiagoa.

Aztertutako pertsonak hiru taldetan banatu zituzten, eta ikusi zuten zer erantzun eragiten zituzten emaitza-mota batzuek eta besteek. Batzuei berri ona eman zieten, esan baitzieten beren geneetan ez zegoela APOE4 generik. Beste batzuei berri txarra eman zieten, eta azkeneko taldekoei ez zieten argitu zein gene-mota zuten.

Ez ziren harritu ikusi zutenean zer lasai gelditzen ziren arrisku berezirik ez zutenak, alegia, APOE4 generik ez zutenak. Nabarmentzekoa iruditu zitzaien, ordea, berria jaso eta urtebetera egoera emozional bertsuan zeudela gene “txarra” zutela zekitenak eta zer gene-mota zituzten ez zekitenak. Ez hobeki, ez okerrago.

Ez etsi, aurre egin

Alzheimerrak oraingoz ez duenez sendabiderik, edonor lur jota uzteko arriskua izan dezake gaixotasuna izateko joera duela jakiteak.

British Medical Journal aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, askotan gaixotasun jakin bat izateko arrisku handiagoa duten pertsonak lur jota gelditzen dira, eta etsi egiten dute, uste baitute egiten dutena egiten dutela gaixotasuna garatuko dutela, hori baitute idatzita geneetan.

Hori, ordea, ez da beti horrela. Gene jakin batzuetan idatzita dagoen informazioak ez du etorkizun aldaezin bat definitzen: gene askoren artean elkarrekintzak daude, eta gure gorputzetik kanpo dauden faktore askok eragiten dute gure gorputzean, hala nola elikadurak eta bizimoduak. Alzheimerraren kasuan, adibidez, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean ikusi zuten alzheimerrak jotako pertsonen herenek ez dutela APOE4 motako generik, eta bi geneak APOE4 motakoak dituzten pertsona batzuek ez dutela gaixotasuna garatzen.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia