}

Altxor abeslaria: hegoaldeko zuhaitz-igela

1998/05/01 Urdanpilleta, Mikel | Txintxurreta Agirre, Arantxa - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Igeltxo dotore hau, tamalez, Euskal Herrian desagertzear dagoen espeziea dugu. Bi eskualdeetara mugatzen da bere banaketa: alde batetik Mendizorrotz mendira (Igeldo, Orio eta Usurbilen artean), bestetik Hazparnera. Mendizorrotzeko populazioaren egoera kezkatzekoa da, ale gutxi dago eta isolatuta gainera; populazioa erliktikoa da. Garai batean igeltxoaren korrokek udaberriko gauak alaitzen zituzten arren, zoritxarrez, urte batzuetatik hona isiltasuna nagusitu da. Egoera tamalgarri honen erantzukizun nagusia, nola ez, gizakiok daukagu.
Ur garbia eta landarediz hornituriko putzuak ezinbestekoak dira igel honen ugalketarako.
M. Urdanpilleta

Espezie honek nahikoa hedapen zabala du: Afrikako ipar eta mendebaldea, Iberiar penintsulako hegoaldea eta Frantziako hego ekialdean aurkitzen da. Euskal Herriko igelak, ordea, isolatuta ageri dira: Landetako iparraldean daude hegoaldeko zuhaitz-igel hurbilenak. Ikerketarik egin ez bada ere, isolamendu honi esker, litekeena da Euskal Herriko igelen genotipoa berezi samarra izatea.

Zuhaitz-igelek burua tentea dute, muturra laburra eta biribildua. Begiak alboetan eta kanporatuta dauzkate, niniak argitan horizontalak diren arren, ilunpetan zabaldu egiten dira. Tinpanoak begiaren diametroaren erdikoak, oso nabarmenak dira. Aurreko hanketan lau behatz dituzte eta atzekoetan bost, guztiak disko itsaskorrez hornituta, eta hauei esker eroso ibil daitezke sastraketan, kainaberatan zein zuhaitzetan.

Hegoaldeko zuhaitz-igelak Euskal Herrian banaketa zabalagoa daukan antzeko senide bat du: zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea). Biek azal leun eta berdea dute eta biek dute zuhaitzetan ibiltzeko ohitura (bai, bai zuhaitzetan!). Hala ere, oso erraz bereiz daitezke, zuhaitz-igel arruntak sudur aldetik uzkiraino iristen den marra beltz bat baitauka alboetan; ostera, hegoaldeko zuhaitz-igelak sudur aldetik aurreko hanketaraino bakarrik dauzka marra beltzak.

Mendizorrotzen aurkitutako igela. Ale bakan batzuk besterik ez dira gelditzen.
A. Gossa

Igel arrunta 5 cm-koa izan badaiteke ere, hegoaldekoa 5,5 cm izatera hel daiteke. Korrokari dagokionez, arruntarena “krak, krak, krak,…” karrankari eta azkarra da, aldiz hegoaldekoarena “kra-a-r” sakon, geldo eta indartsua da, udaberriko gauen melodia. Beraz, honelako kantu bereziarekin ezin zuhaitz-igel arruntarekin hibridatu, ezta!

Anuru hau ikusteko unerik aproposena udaberria dela esango dizuegu, putzu edo urmaelen inguruan, orduan hurbiltzen baita uraren ingurura; eta ikustea lortuko ez bazenute ere, entzungo zenuketela, ziur. Arrek ozenki egiten dute korroka, koruak osatuz; bakoitzak leku estrategiko bat hartuz (askotan ur gaineko landare bat) eta ahoko zakuak puztuz, emeak txunditu nahian.

Lurraldekoiak izanik, metro batera baino gertuago hurbiltzen diren gainerako arrei mehatxu-korroka egiten diete. Bi korroka hauez gain beste bi deskribatu dira: beste ar batekin kontaktu fisikoren bat gertatzen denean egin ohi dutenaz, ukipen-korroka bezala ezagutzen dena, eta bitarteko korroka, mehatxu- eta dei-korroken artean egin ohi dutena.

Dei-korrokak ilunabarrean hasi eta goizeko lehen ordura arte iraun dezake. Ugal-sasoia 3 hilabetekoa da, otsailetik apirilera. Anuru askok errutaldi garaia laburra izaten dute; hegoaldeko zuhaitz-igelak aldiz, hiru hilabetez luzatu ohi du.

Parekatzea gertatu eta ordu batzuetara hasiko da errutaldia; 500-1.000 arrautz errun ditzake emeak, uretako landareen artean. Uretako landaredi egokia aurkitzea da, hain zuzen, igel honek ugaltzeko duen arazo larrienetakoa. Beste igeletan bezalaxe, apaburu edo bilinbolo deituriko larba urtarrak aterako dira. Metamorfosiaren ondoren heldua agertuko da, hau da, igela bera. Larbak loredun landareez zein algez elikatzen dira eta helduak intsektujaleak dira; kakalardoak, euliak eta tximeletak dituzte gogoko. Igel hauek hibernatu egiten dute harrien zartaduratan gordeta.

Egokiak izan daitezkeen putzuak enpresa edo eraikuntzen ondoan aurkitzen dira eta poluzioaren arriskupean daude.
A. Txintxurreta

Espezie subtropikala izanik, Mendizorrotzeko kokapena arrarotzat jo daiteke, igel hau oraindik bereziagoa bilakatuz, a ze altxorra! Ez duzue uste? Agian, itsasoaren eragina dela eta, klima egokia da banaketa honen arrazoia.

Igeltxo honen egoera kezkagarria da, zenbat ale dauden ere ez dakigu, baina bai gutxi direla. Egoera tamalgarri hau azaltzeko zenbait arrazoi daude: noizean behin gertatzen diren suteak guztiz kaltegarriak suertatzen zaizkio gure igeltxo kuttunari, bere bizileku diren zuhaitz eta sastrakak erretzeaz gain igela bera ere kiskal bailezake hibernatzen harrapatuz gero. Inguruko landarediaren suntsipenak ugalketa-arrakasta gutxitzea eragiten du, bertan ezartzen baitituzte arrautzak. Etxeak eraikitzeak maiz putzuak desagertzea dakar; gainera gero eta igel gehiago hiltzen da errepideetan.

Bestalde, jendeak “borondate onez” putzuetara arrainak eta karramarroak bota ohi ditu, ekintza hauen ondorioak larriak izan daitezkeela ohartu gabe; hauek harrapakariak izanik kalte handiak eragiten dituzte, igel-populazioak suntsituz. Gainera, mundu guztiko anfibioen egoera delikatua gehitzen badiogu (zientzialari askok aldaketa klimatiko konplexuei atxekitzen dietena), pakean uzteaz gain bultzadatxo bat eman behar diegula konturatuko gara. Gogoan izan Euskal Herrian dagoen arriskupeko anfibio bakarra dela!

Etxeak eraikitzeak putzuen desagerpena dakar, leku berean eraikitzen direlako edota bertara iristeko errepideak putzuak zeharkatzen dituztelako.
M. Urdanpilleta

Eta kalte gehienak gizakiak sortutakoak direnez, guri dagokigu egoera honi konponbidea aurkitzea, putzuak babestuz, poluzioen aurka neurriak hartuz, putzu hauetako landaredia babestuz eta etxeak eraikitzeko garaian putzu hauen kokapena kontuan hartuz. Putzu berriak eraikitzea ere egokia izango litzateke; dena den, ugalketa-prozesuak aurrera eraman ahal izateko putzu artifizial hauen baldintzak egokiak izan beharko lirateke.

Errepideen arazoari aurre egiteko errepide azpitik pasabideak egitea baliagarria litzateke eta etxeko arrainak, zer egin ez dakigunean, dendara itzultzea. Igelaren biziraupenerako beharrezkoak diren baldintzak aurrera eramanez gero, populazioak mantentzeko aukerak handiak izango lirateke. Gaur egungo egoera hil ala bizikoa da eta borondate pixka bat nahikoa litzateke altxortzat dugun anuru honek gure lurraldeetan irauteko. Udaberri askotan entzun ahal izango ote dugu bere korroka berezia!

Bukatzeko bitxikeria bat: Mendizorrotz mendiaren zati bat Igeldo da; nondik ote datorkio honi izena? Hegoaldeko zuhaitz-igelarengatik ote?

Hegoaldeko zuhaitz-igela

Espeziea: Hyla meridionalis Familia:hylidaeOrdena:anuruakKlasea:anfibioak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia