Altamura-ko aurkikuntza
1994/02/01 Alargunsoro, F. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pugliako muinoetan lurrean zuloa egin eta azpiko galeria luze batean aurrera eginda, hirurogeiren bat metrora espeleologoek giza eskeletoa aurkitu zuten joan den urtearen amaieraldera. Eskeletoa oso zaharra da, baina oso egoera onean dago, solidotutako kaltzio karbonatozko geruza batek babesten duelako. Babes hori kararrian ur-tantoen bidez estalagmitak sortu direlako osatu da.
Eskeletoa gizonarena ala emakumearena izan daiteke, baina nolanahi ere oso zaharra da; orain dela 200.000 urte ingurukoa (Neanderthal gizakia baino lehenagokoa, beraz). Altamurako gizakia deitzen diote, Bari hiritik hegoaldera berrogeiren bat kilometrora dagoen Altamura herritik gertu aurkitu dutelako. Dena den, mundu guztiko paleontologoak irrikitan jarri ditu, gizakiaren eboluzioko tarte ilun bat (Erdi Pleistozenoari dagokiona) argi dezakeelako. Erdi Pleistozenoa orain dela 500.000 urte inguru hasi eta duela 100.000 urte inguru amaitu zen, Europan Neanderthal gizakia agertu zenean.
Bari-ko unibertsitateko arkeologi saila arduratuko da eskeleto hau aztertzeaz eta oso kontuz ibili nahi dute. Altamurako gizakia ez dute ukitu ere egin nahi, honda ez dadin. Ezer baino lehen, leizea telemetriaz aztertu nahi dute, gizakiak barrura algak, onddoak eta mikroorganismoak sar ez ditzan. Izan ere, orain arte aztarnategi asko hondatu da jendeak bertara mikroorganismo kaltegarriak eraman dituelako. Ondoren kaltzio karbonatozko geruza babestailea kendu beharko diote eskeletoari, adituen laguntzaz.
Eskeletoa etzanda dago, eta burua ezker aldera jiratua du. Estalagmita batek garezurraren hondoa zanpatua du, baina aurpegia ikus daiteke, gainean kaltzio karbonatozko oso geruza mehea duelako. Buruak gainean duen karea dela eta, prognatismoa (Neanderthal gizakiak bezala barailak aurrera irtenak edukitzea) eta garunaren bolumena neurtzerik ez dute eduki. Saihets-hezurrak, humero bat, kubitu bat, erradio bat, tibia bat eta femur bat identifikatu dizkiote. Femurraren erdiko zatiak (diafisiak) sendoa dirudi eta buruak handia. Eskeletoa, 1,60 edo 1,65 zentimetro altuko pertsonarena da. Argitzeke dago gizonarena ala emakumearena den.
Egin dioten lehen diagnostikoaren arabera, garezurrak Homo erectus eta Homo sapiens neanderthalis en tartekoa dirudi. Duela 250.000 urte ingurukoa izan daiteke, baina nolanahi ere 400.000 eta 85.000 urte-bitartekoa da. Tarte handia dela esango du norbaitek, baina giza eboluzioan argitu gabe dagoen aro horri dagokiona da, hain zuzen.
Neanderthal gizakia batez ere Europan bizi izan zen eta duela 130.000-40.000 bitartean Ekialde Hurbilera emigratu zuen. Nola sortu zen ez dakigu. Dena den, antropologo gutxik ukatzen du Homo erectus Afrikatik etorri zela. Dirudienez “Lucy”ren ondorengo Homo habilis etaparen ondoren, Homo erectus delakoa Europara heldu zen orain dela milioi bat urte. Hondakin gutxi batzuk aurkitu dira Mauer-en (Heilderberg ondoan), Petralona-n (Grezian), Tautavel-en Piriniotan, Swascombe-n Ingalaterran, eta abarretan.
Baina Homo erectusa Neanderthalaren arbasoa ote da? Eta hala bada, tartekoa zein izan zen? Neanderthala gizaki modernoaren (hau da, Homo sapiens sapiens en) arbasoa al da, ala gizaki modernoak suntsitu zuen Neanderthala? Paleontologo batzuen arabera, Homo erectus etik gizaki modernora Neanderthalaren bitarteko eboluzio-lerro bakarra dago. Beste batzuen iritziz ordea, beste giza mota batzuk ere izan dira gaur egungo Homo sapiens sapiens era iritsi arte.
Neanderthal gizakia 1850. urte inguruan deskubritu zuten eta hamarkada batzuk geroago hasi ziren oraingo gizakiaren arbasoa izan zitekeela kontsideratzen. Mendearen hasieran, gizateriaren ondorengorik gabeko lerroa zela uste zuten, eta hirurogeigarreneko hamarkadan bestelako iritziak azaldu ziren.
Dena den, duela bi urte Burgosko probintziako Atapuerca herrian aurkikuntza garrantzitsua egin zuten. Kobazulo batean orain dela 300.000 urteko hezur-multzoa aurkitu zuten. Hogeita bost pertsonaren zazpiehundik gora hezur nahasirik topatu zituzten. Garezurrak osatu zituzten eta bi gizaki helduri zegozkien bolumenak honako hauek izan ziren: batak 1.125 cm 3 zituen (gaur egungo gizakiarena baino dezentez txikiagoa) eta besteak 1390 cm 3 kubiko (gaur egungoaren 1.450 cm 3 -tik nahikoa gertu, beraz).
Arkeologoek diotenez, Atapuerca-ko garezurrak Homo sapiens zaharrarenak dira, baina Neanderthal gizakiranzko lehen seinaleak dituzte. Dena dela, inork zergatik ez badaki ere, Atapuercako garai desberdinetako hezurrak nahasirik daude eta Italiako Altamuran eskeleto osoa aurkitu izanak gizaki modernorainoko espeziazio-prozesua hobeto ulertzen lagunduko du. Horrez gain, eskeleto osoa denez gero inoiz ez bezala garezurraren eta gorputzeko gianerako hezurren arteko neurrien erlazioak atera ahal izango dira.
Dena den, lehenbizi Altamurako gizakiari bere kaltzio karbonatozko estalkia eskeletoa kaltetu gabe kendu beharko zaio eta horretarako sail askotako zientzilariek hartu beharko dute parte; besteak beste, antropologoek, geologoek, fisikariek, kimikariek, materialetan adituek eta biologia molekularrean dihardutenek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia