}

Almidoia errazago maneiatzeko entzimak

2003/01/16 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur egun, industria gehienek, era batean edo bestean, almidoia edo haren deribatuak erabiltzen dituzte.

Almidoia, besteak beste, argazki-pelikula biodegradagarrietan, itsasgarrietan, paketatzeko materialetan, garbikarietan, pinturetan edo plastikoetan erabiltzen da; baita medikuntzako produktuetan, xanpuetan, krema eta lozioetan, garbigarrietan eta kosmetikoetan ere; eta elikagaigintzan eta edarietan. Industria-arloan almidoiak duen garrantzia ikusirik, normala da almidoia nola osatzen den jakiteko ikerketa anitz egitea, baina bere sintesia zein substantziak eragozten duen jakiteko ez da azterketa asko egin orain arte.

Milagros Rodríguez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzailea.

Almidoia landareek ekoizten duten karbohidratoa da eta bere sintesia ADPglukosa molekulak egiten du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek ADPglukosa degradatzen duten bi entzima identifikatu dituzte. Bi entzima horiek landareetan ADPglukosa-molekula hausten dute, eta, ondorioz, almidoia osatzea eragotzi. Azterketak garagar-orrian egin dituzte, landare horretan atzeman baitute jarduera entzimatiko gehien. Lorturiko emaitzen arabera, entzima horien hainbat forma ADPglukosaren hidrolisiaren erantzule dira eta, ondorioz, almidoiaren biosintesia eragozten dute. Prozesu hori kontrolatu eta industrian aplikatzerik izanez gero, orain baino errazago maneiatuko litzakete almidoia.

Bi entzima identifikatu dituzte

ADPglukosaren degradazioan entzima-familia batek parte hartzen du. Milagros Rodríguez eta bere lankideek entzima horietako bi identifikatu dituzte: NPP1 (Nukleotido Fosfatasa Fosfodiesterasa 1) eta NPP2 (Nukleotido Fosfatasa Fosfodiesterasa 2).

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia