Almidoia digeritzeko geneak uste baino askoz lehenago ugaritu ziren
2024/10/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Almidoia digeritzeko funtsezkoa da listuko amilasa entzima, eta, horrek gure elikaduran duen garrantziaren erakusgarri, entzima horren genearen hainbat kopia dauzkagu gaur egungo gizakiok. Bada, Science aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten arabera, gene hori uste baino lehenago hasi zen bikoizten; nekazaritza hasi baino askoz lehenago, baita sapiensak eta neandertalak banatu baino lehen ere.
Genearen zenbat eta kopia gehiago izan, amilasa gehiago sor liteke, eta, ondorioz, almidoi gehiago edo hobeto digeritu daiteke. Hori abantaila garrantzitsua izan liteke, batez ere almidoiaren kontsumoa handia bada. Horregatik uste zen nekazaritzaren sorreratik aurrera hasi zela bikoizten listuko amilasaren genea. Gaur egun, 2 eta 12 kopia artean izan ditzakegu, populazioen almidoi-kontsumoaren arabera.
Ikerketa honetan, antzinako 68 gizakiren genomak aztertuta, ikusi dute nekazaritza sortu aurreko ehiztari-biltzaileek listuko amilasaren genearen lau edo zortzi kopia zituztela, batez beste. Eta neandertaletan eta denisovarretan ere geneak dagoeneko bikoiztuta zeudela ikusi dute ikertzaileek. Haiek dagoeneko 3 kopia zituztela ikusita, ondorioztatu dute litekeena dela lehen bikoizketak duela 800.000 urte baino gehiago gertatu izana, sapiensak eta neandertalak banatu baino askoz ere lehenago.
Ikertzaileek azaldu dutenez, hasierako bikoizketa haiei esker, gizaki modernoa ongi egokitu ahal izan zen nekazaritzaren sorrerarekin dieta aldatu zenean almidoiaren. Hain zuzen ere, nekazaritzak amilasaren genean nola eragin zuen ere aztertu dute, eta ikusi dute ehiztari-biltzaileek hainbat kopia bazituzten ere, kopuru hori nabarmen handitu dela azken 4.000 urteetan. Izan ere, garai horretatik aurrera izugarri handitu zen almidoiaren kontsumoa. Genearen kopia gehiago zituztenek etekin handiagoa aterako zioten horri, eta ondorengo gehiago izango zituzten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia