Alkoholismoak neuronetan zer eragin duen zehaztu dute
2014/06/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alkoholak neuronei eragindako kalteak maila molekularrean zehaztu dituzte EHUko Neuropsikofarmakologia taldeko ikertzaileek, Nottighameko Unibertsitatearekin elkarlanean. 20 pertsona alkoholikoren garunen analisia egin dute, zehazki, garun-azal prefrontalarena. Uste da eremu horrek funtzio exekutiboak kontrolatzen dituela —esaterako, estrategien plangintza eta diseinua, lanerako memoria, arreta selektiboa edo portaeraren kontrola—, eta, ondorioz, eremu horretako neuronak ikertzeak alkoholaren mende bizi diren pertsonek izaten dituzten portaera-asaldurak hobeto ulertzen lagun dezake.
EHUko ikertzaileek bi mailatako kalteak hauteman dituzte aztertutako garunetan. Batetik, mikroskopio bidez ikusi dute kortex prefrontaleko neuronak hondatuta zeudela, hau da, zitoplasma (zelularen barnealdeko ingurunea) ez zegoela behar bezala antolatuta neuronen nukleoaren inguruan. Bestetik, proteomika tekniken bidez, ikusi dute zelulen egiturarentzat —zitoeskeletoarentzat— oinarrizkoak diren hainbat proteinaren kantitateak murritzagoak zirela, zehazki, hiru hauenak: α- eta β-tubulina eta β-II-espektrina. Zelulen egiturari, itxurari, mugikortasunari eta egonkortasunari loturiko funtzioak dituzte proteina horiek, eta ezin konta ahala prozesutan hartzen dute parte (β-II-espektrinak sinapsian ere bai). Bada, ikertzaileek PLoS ONE aldizkarian argitaratutako emaitzen arabera, % 36 eta % 83 artekoa zen proteina horien murrizketa alkoholiko izandako pertsonen garunean, osasuntsuenen aldean: % 56koa α-tubulinarentzat, % 83koa β-tubulinarentzat, eta % 36koa β-II-espektrinarentzat.
Ikertzaileen esanean, neuronen zitoeskeletoaren arkitekturan halako murrizketak gertatzeak oinarri bat ematen du lotura bat egiteko alkoholikoen kortex prefrontaletan ikusi dituzten asaldura estrukturalen eta pertsona alkoholikoek izaten dituzten asaldura kognitiboen artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia