}

Alkoholaren bidea gorputzean barrena

2002/09/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Garagardo batekin hasi eta tabernariaren erratzaren bultzadarekin amaitzen diren egunen biharamunak ez dira samurrak izaten. Horrelakoetan, molekula txiki bat egon ohi da buruko minaren eta gorputzaldi eskasaren atzean, gorputzeko bazter guztietan arrastoa uzten duen traidorea.

Etanol du izena eta edari alkoholdunen funtsezko osagaia da. Hari zor diote edari alkoholdunek zapore bizia eta hari zor diogu gizakiok mozkorra. Izan ere, odolera pasa bezain pronto gorputz osora erraz barreiatzen den molekula txikia da etanola. Zenbat, nola eta nork hartu, eragina handiagoa edo txikiagoa izango da, baina inor gutxi uzten du epel alkoholak.

Mozkorrak arriskuak gutxiestea ekartzen du, baina normalean ondo lo eginda pasatzen da. Alkohol gehiegi eta modu kronikoan edateak sortzen ditu arazo larrienak.

Ahotik urdailera eta urdailetik hesteetara minutu gutxitan ailegatzen da alkohola. Gehiena heste meharrean igarotzen da odolera. Baraurik egonez gero, odoleko alkohol-kantitatea 45 minututan iristen da maximora, eta, janariarekin batera hartuz gero, ordu eta erdian. Janaria tarteko, urdaila polikiago husten da, eta alkoholari gehiago kostatzen zaio odolera iristea. Dena dela, zer jaten den ere kontuan izan behar da, azukreek, adibidez, absortzioa azkartu egiten baitute. Eta, gezurra iruditu arren, alkohol askoko edariek kontrako eragina dute. Edari horiek urdailaren eta hesteen arteko pasabidean dauden muskuluak uzkurtzen dituzte, eta, ondorioz, ardoa edo garagardoa baino motelago igarotzen dira hortik.

Behin odolean, etanola oso bizkor zabaltzen da gorputzeko organo guztietara. Alkohola uretan disolbagarria da, eta organo, ehun eta muskuluetan pilatzen da, haietan ura baitago; ez, ordea, gantzetan. Arrazoi hori dela eta, dosi bera hartu arren, emakumeek gizonek baino alkohol-maila handiagoa izaten dute, oro har, gantz gehiago dutelako proportzioan.

Alkoholak odol-fluxu handienak jasotzen dituzten organoei eragiten die bereziki; gizakion kasuan, garuna, gibela eta birikak. Izerdiaren, gernuaren eta, edoskitzaroan dauden emakumeen kasuan, esnearen bidez kanporatzen da apur bat, baina, batez ere, gibelaren lanari esker suntsitzen du gorputzak etanola. Prozesu horretan energia ekoizten bada ere, ez pentsa alkohola energia-iturri egokia denik. Alkoholaren eraginez azaleko zainak dilatatu eta gorputza hoztu egiten da, azala eta ingurunearen arteko bero-trukaketa areagotu egiten delako.

Alkohola sartu baino askoz polikiago kanporatzen da; orduko eta odol litroko 0,15 gramo alkohol deuseztatzen ditu gorputzak.

Hiru faseko mozkorra

Ahotik urdailera eta urdailetik hesteetara minutu gutxitan ailegatzen da alkohola.

Mozkortzea garunera iristen den alkoholari zor zaio, batik bat. Hiru fase ezagutzen dira. Odoleko alkohol-maila litroko 0,7 gramo baino txikiagoa den bitartean, euforia eragiten du. Inhibizioak gainditu eta artegatasuna agertzen da, eta arreta, pertzepzioa, memoria eta oreka asaldatu egiten dira. Hortik gora, litroko 2 gramo arte, euforiatik mozkorrera pasatzen gara. Oreka mantentzeko arazoak, buru-nahasmenduak, eta, batzuetan, oldarkortasuna eta aluzinazioak ager daitezke. Maila horietan alkoholak bizigarri izateari uzten dio, eta moteldu egiten du nabarmen. Gehiago hartuz gero, koma etilikoa gerta daiteke.

Mozkorrak arriskuak gutxiestea ekartzen du, baina normalean ondo lo eginda pasatzen da. Osasun publikoaren ikuspegitik, alkohol gehiegi eta modu kronikoan edateak sortzen ditu arazo larrienak, eta, Osasunerako Mundu Erakundeak jarritako muga ikusita, kalteen ataria pentsa daitekeena baino baxuagoa da: eguneko 2-3 alkohol unitate emakumeentzat eta 3-4 gizonentzat. Unitate bat 10 g etanol dira, gutxi gorabehera, 100 cl ardo edo 25 cl garagardo

pitxer bat

Noski, gibela da alkoholaren jomuga nagusia, bertan metabolizatzen baita alkoholik gehiena. Eta gaitz tipikoa, zirrosia. Zirrosiak jotako gibeletan zuntzezko ehun bat sortzen da; gaitza garatu ahala, hepatitisa, odoljarioak eta minbizia eragin ditzakeena. Baina, eskeman ikusten denez, alkoholaren egintza-eremuak gorputz guztia hartzen du. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, ikusi da pertsona alkoholikoek nutrizio-gabezia larriak paira ditzaketela, baita hortik arazo motor eta psikikoak erator daitezkeela ere.

Alkoholaren ekintza-mekanismoa

Ikerketa asko egin da alkoholaren toxikotasunaren nondik norakoak aztertzeko. Globalki alkoholak zelulen mintzean eragiten duela ikusi da. Zelulen mintzak funtsezko eginkizunak betetzen ditu, zelulara sartzen eta irteten den guztia kontrolatzeko ardura baitu, eta aldaketekiko sentikorra da oso.

Ikerketa asko egin da alkoholaren toxikotasunaren nondik norakoak aztertzeko. Garunari dagokionez, erantzun asko eta kontrajarriak sortzen ditu, etanolak garunaren hainbat jarduera-sistema asaldatzen dituelako.

Garunari dagokionez, erantzun asko eta kontrajarria sortzen ditu etanolak. Bizigarria da, baina makaldu ere egiten du; euforia eragiten du, baina antsietatea ere bai. Etanolak garunaren hainbat jarduera-sistema asaldatzen dituelako gertatzen da hori. Alkoholikoak ez diren pertsonengan, alkohol asko edateak makaldu egiten du. Edale kronikoen kasuan, berriz, garuna ohitu egiten dela dirudi, eta, ondorioz, alkoholik hartzen ez dutenean, gehiegizko urduritasuna agertzen da. Umoreari dagokionez ere, berdin. Etanolak garunean serotonina gehiago askatzea eragiten du, funtzio antidepresiboak dituen molekula, baina edale kronikoen kasuan depresioa sortzen du.

Menpekotasuna, berriz, dopamina gehiago ekoiztearekin lotuta dagoela dirudi. Eta oraingoan ere bide konplexuari segitzen dio. Etanolak morfinaren eta kanabisaren molekula aktiboaren baliokideak diren konposatuen kontrol-guneetan eragiten du, eta horren ondorioz askatzen da dopamina. Dopamina plazerrarekin erlazionatutako neurotransmisorea da, hortik menpekotasuna.

Argi dago, beraz, alkohola droga dela, eta ez nolanahikoa. Gainera, besteek baino egintza-esparru zabalagoa izaki, zailagoa da haren atzaparretatik ihes egitea.

Alkoholaren kalteak gorputzean

  1. Garuna. Arazo kognitibo eta psikologikoak, depresioa; epilepsia; istripu baskularrak...
  2. Begiak. Nerbio optikoaren neuritisa.
  3. Hestegorria. Narritadura eta hantura; errefluxua; ultzera eta barizeak; minbizia.
  4. Zirkulazio-aparatua. Hipertentsioa; anemia, arazo hematologikoak.
  5. Bihotza. Asaldurak erritmo kardiakoan; kardiomiopatiak eta bihotzeko istripuak.
  6. Urdaila. Goitinahia eta goitika egitea; alkohol-gastritis akutu edo kronikoa; odolohusteak.
  7. Hesteak. Kalte hemorragikoak; beherakoa. Ondesteko minbizia.
  8. Hankak. Polineuritsia (karranpak edo paralisian amai dezaketen zentzumen asaldurak)
  9. Sexu-aparatua. Atrofia obulutegi edo barrabiletan; disfuntzio sexualak.
  10. Area. Pankretitis akutu edo kronikoa; diabetea.
  11. Gibela. Esteatosia (gantz-endekapena); hepatitisa; alkohol-zirrosia; minbizia.
  12. Arnas-aparatua. Gehiegizko listu-jariatzea; hortzetako gaixotasunak; ahoko, laringeko eta faringeko minbiziak.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia