Alga eta ornodunen arteko sinbiosia aurkitu dute lehen aldiz
2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ambystoma maculatum arrabio motadunaren enbrioiek zelulen barruan eratzen dute sinbiosi-harremana Oophila amblystomatis algarekin. Zehazki, mitokondrioen ondo-ondoan aurkitu dituzte algak Kanadako Dalhousic Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Alga arrautzen kanpoko gelatinan egoten dela aspalditik zekiten zientzialariek, baina orain arte inoiz ez zuten ikusi horrelakorik zelulen barruan.
Igorritako fluoreszentziaren irudiak aztertzean ohartu ziren ikertzaileak enbrioien zelulen barruan klorofila egon zitekeela. Ondoren, mitokondrioak algen ondoan zeudela ikusi zuten transmisioko mikroskopio elektronikoz. Adierazi dutenez, horrek iradokitzen du algek fotosintesi bidez sortutako azukreei eta oxigenoari ateratzen dietela probetxua mitokondrioek.
Sinbiosi-harreman hori sakonago ezagutzeko ikerketetan, ikusi dute nerbio-sistema eratzen hasten den garaian sartzen direla algak enbrioi-zelulen barruan. Horregatik uste dute ikertzaileek ez zaiela lehenago antzeman; izan ere, normalean garapenaren lehenagoko faseetan aztertzen dira enbrioiak.
Gainera, adierazi dute litekeena dela amaren "opari" bat izatea algak. Izan ere, alga berdinak aurkitu dituzte enbrioi-zeluletan eta arrautzak jarri dituen emearen obiduktuan, arrautzak obulutegitik kanpoaldera eramaten dituen hodian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia