}

Alexandria urpean?

1988/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hogeitabatgarren mendean Mediterranioaren ur-maila igotakoan Venezia eta Alexandria hiriak izan daitezke lehenengo biktimak. Planetaren berokuntzaren ondorioz ur-maila gora egiten ari da Mediterranioan.

Zenbait milaka urtetan zehar Mediterranioaren ur-mailak konstante iraun du, baina 2.025. urterako 13-55 cm igoko dela uste da. Mende bat baino lehenago igoera metro batekoa izan daiteke. Bi izango dira gertakizun horren kausa: alde batetik poloetako izotzen urtzea eta bestetik ozeanoetako uren beroagatiko zabalkuntza.

Dagoeneko, Katalunian Ebro ibaiaren delta atzera egiten ari da. Gauza bera gertatzen ari da Rhône edo Po ibaien deltetan. Veneziako arazoak gainera, poluzioak eta utzikeriak areagotzen dituzte eta proiektatutako erregulazio-lanek daukate hiri eder honen etorkizunaren gakoa (Ikus Elhuyar. Zientzia eta Teknika 13. zenbakia).

Dena den, Egyptoko Alexandriak du etorkizunik beltzena. Alexandriak 3,5 milioi biztanle ditu eta ur-maila baino metro bat altuago besterik ez dago. Kasu honetan gainera, Asuaneko presak sortutako kalteak erantsi behar zaizkio. Garai batean Niloak garraiatzen zituen lohi, harea eta beste materialek ezin dute presa gainditu eta bertan pilatzen dira.

Horrexegatik Nilo ibaiaren deltak ez du lehengo material-mordoa jasotzen eta ezin du itsasoak kentzen dion materiala berritu. Ur-mailaren igoera eta Nilo ibaiaren deltaren atzerapena direla kausa, Alexandriaren etorkizuna bere liburutegi ospetsuaren modukoa da; hondamena, alegia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia