
Katuei alergia dien jendeari ez diote kalterik egiten katu hauek. Izan ere, alergiarik eragiten ez duten katuak hazi dituzte, eta salgai daude orain Estatu Batuetan.
Dirudienez, 2004an hasi zen jendea alergiarik eragiten ez duten katuak eskatzen etxerako. Hori dela eta, Allerca izeneko bioteknologia-enpresak lanari ekin zion: alergiarik eragiten ez zuten katuak bilatzeari, hain zuzen ere. Katu horiek besteen aldean duten desberdintasuna da Fel d1 izeneko glikoproteinarik ez dutela (listuan, ilean eta azalean), eta gutxiengo bat dira, berrogeita hamar mila katutik bakarra.
Bada, katu horietatik katakumeak hazi dituzte, eta orain salgai daude: lau mila bat euroan alergiarik eragiten ez duen katu bat eros dezakezu. Hori bai, katuekiko oso-oso sentikorra bazara, kontuan izan halako katakume batek ere kalte egingo dizula, hipoalergenikoa den arren.
Nagore Rementeria Argote
Elhuyar Zientzia
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.







