}

Alergiak: udaberria dator

2000/03/12 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Badator udaberria. Hamar bat eguneko kontua besterik ez da. Eta udaberriarekin batera, besteak beste, alergiak etortzen dira. Eguraldi-aldaketek, polenak… sortarazten dituzte. Gehienetan ez dute arazo larriegirik sortzen, baina arnasestuka bat baino gehiago ibiltzen da; gero eta gehiago, estatistiken arabera. Populazioaren % 15 inguruk jasan behar izaten omen du alergia-motaren bat. Ederra da bai udaberria, baina ederragoa litzateke zuhaitzen berdetzea, loreen loratzea eta eguraldi epela besterik izango ez balitu. Atxis!!

Adituen arabera, alergiak lau multzotan banatzen dira: arnas bideetatik sortzen direnak, elikagaiek edo botikek eragindakoak, gorputzeko zelulekiko erreakzioen ondorioz ateratzen direnak, eta zerbait ukitzeagatik azalean sor daitezkeenak.

Udaberrian bereziki polenaren eraginez sortzen diren alergiak dira deigarrienak. Sintomak nabarmenak izaten dira: hazkurea sudurrean, negar-malkoak, doministikuak –batez ere goizez–, konjuntibitisa, eztula, oxigeno faltaren sentsazioa eta abar. Alergia sor dadin, behar-beharrezkoa da, airean behar besteko polen-kontzentrazioa egotea –adituen arabera, metro kubikoko 10 gramotik gorakoa.

Polena ez ezik, etxeetan egoten diren akaroak ere makina bat alergiaren eragile dira. Akaroak intsektu mikroskopikoak dira, giza ezkatez elikatzen dira, eta oso gustuko izaten dituzte ohe-burukoak, alfonbrak eta gortinak adibidez. Akaroek kostaldean eragiten dituzte alergia gehien. Alergien ondoriorik larrienetakoa asma da. Uste denez, populazioaren % 3k asma dauka, eta horietatik % 65 alergien ondorio dira. Haurrek izaten dute gehien, helduek baino hiru aldiz gehiago.

Botikekiko alergia gehienen sintoma ohikoena urtikaria, asma eta ekzemak izaten dira. Kasu larrietan, hala ere, bat-bateko tentsio-beherakadak gerta daitezke, botikek azalean, arnasbideetan, digestio-aparatuan, edo nerbio-sisteman eragiten dutenean. Botiketan, analgesikoek eta antibiotikoek eragiten dute alergia gehien. Botikak bezala, elikagaiak –frutak, esnea, arrautzak eta arrainak batez ere–, alergia eragiteko gai izaten dira.

Kontuz polenarekin

Orohar eta labur aipatutako alergia-mota horiek alde batera utzita –garaian garaikoa– segidan udaberriko alergiak dituzu irakurgai. Izan ere polinizazioaren garairik emankorrena martxoaren eta uztailaren artekoa denez, udaberrian polenak eragindako alergiak nagusi izaten dira. Polen-kontzentrazioa handia denean, polen hori arnasbideetatik sartzen da; batzuetan giza gorputzeko imnumoglobulina antigorputzarekin erreakzionatu egiten du, eta muki-mintza hantu egiten da. Horren ondorioz lehen aipatutakoak etorriko lirateke: doministikuak, mukiak, negar-malkoak…. Dauden datuen arabera, populazio osoaren % 5-% 10ak jasan behar izaten du polenarekiko alergia.

Besteak beste, haltzek, urkiek, makalek, haritzek, zumarrek, eta era guztietako zuhaixkek askatzen dute polen gehien. Haize-egunak izaten dira gogaikarrienak alergia dutenentzat, polena toki guztietara barreiatzen baita; euriak, aldiz, polena lurrera eramaten du. Polenarekiko alergia-diagnostikoa egiteko, azaleko probak egitea izaten da egokiena; izan ere, proba horiek fidagarriak dira, azkar egiten dira eta ez dira garestiak izaten. Horien bidez jakin daiteke alergia zein polen motari zaion.

Polenaren eragina saihestea ez da erraza izaten, udaberrian erraz barreiatzen delako. Hala eta guztiz ere, gomendio orokorrak ematen dituzte adituek. Jarraian dituzu:

  • Ahal dela ez joan mendira edo kirol-guneetara. Joatea beste erremediorik ez balego, babestu begiak betaurrekoekin.
  • Polenaren kontzentrazioa altua denean ez irten kalera.
  • Ez egon toki itxietan. Etxeko leihoak itxita eduki, batez ere eguzkiak gogoz jotzen duenean; eta irekitzekotan, iluntze aldera ireki. Lo egin baino lehen, itxi logelako leihoak, eguna zabaltzean polenaren kontzentrazioa handiagoa izaten baita.
  • Narritagarriak –kea, gasolina, atomizatzaileak…– egon daitezkeen tokietara ez hurbildu.
  • Etxean aire egokitua izanez gero, erabili. Izan ere, aire egokituko instalazioek polenari sartzen uzten ez dioten iragazkiak dituzte.
  • Sudurzuloak suero fisiologikoarekin garbitu.

Gomendio orokor horiek alde batera utzita, bereziki auto-gidarientzat ere ematen dira. Izan ere, egin diren azterketen arabera, autoa 90 kilometro orduko abiaduran doala doministikua eginez gero, autoak 25 metro inguru kontrol barik egiten ditu. Beraz auto-gidarientzat aholku bereziak ere ematen dituzte:

  • Ez gidatu leihoak irekita.
  • Autoaren barrualdea garbi eduki, hautsak erreakzio alergiko ugari eragin ditzake eta.
  • Eguzkirako betaurrekoak erabili. Horrela, neurri batean, begietara polena sartzea saihesten da.
  • Sudurrean kotoizko tapoiak jar ditzakezu. Antihistaminikoak hartzen badituzu, ez gidatu, logurea ematen baitute. Tratamenduaren lehen egunetan logurea handiagoa izaten da.
  • Antihistaminikoak hartzen ari bazara, ez nahastu alkoholarekin.
  • Bidaian zehar sarri samar garbitu sudurra eta begiak urarekin. Adituen arabera alergiaren eragina murriztu egiten da.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia