}

Alembert, Jean le Rond d'

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1717-1783)

Matematikari, zientzilari, filosofo eta idazle frantses hau, Parisen jaio zen 1717.eko azaroaren 16an. Aristokrata baten sasiko semea zen eta jaio orduko Saint Jean-le-Rond elizan utzi zuen abandonaturik bere amak. Horregatik ipini zioten izen hori. Umea beiralari batek eta bere emazteak jaso eta Nazi zuten arren, aitak ikasketak ordaindu egin zizkion.

Gero d'Alembert ospetsu bihurtzen hasi zenean, egiazko ama azaldu zitzaion eta bereganatu egin nahi izan zuen, baina mutilak harro-harro ezezkoa eman zion, "Nire ama beiralariaren emaztea da" esanez.

Ikasketak ia berak bakarrik egin zituela esan daiteke, teologia, medikuntza, zuzenbidea eta matematika bere kontura ikasi zituelako. Hogeita hiru urte zituela onartu zuten Zientzi Akademian eta grabitazio-teoriaz (ekinozioen prezesioaz batez ere) arduratu zen. Lan hartan Lagrange eta Laplace-ri aholkuak eman zizkien.

1743. urtean dinamikari buruzko tratatua argitaratu zuen. Bertan "d'Alemberten printzipioa" deitzen dena adierazten du, dinamika eta estatika erlazionatuz. Harez gero, lan ugari argitaratu zuen fluidoen dinamikaz, gorputz zurrunaren mekanikaz, unibertsoko mekanikaz edo ekuazio diferentzial partzialez. 1749. urtean adibidez, ekinozioei buruzko ikerketak argitaratú zituen eta edozein gorputzen biraketa--higidura zehazteko soluzioa lehen aldiz proposatu zuen, 1751. urtean Diderot-en Encyclopédie edo "Entziklopedia" famatuari sarrerako hitzaldia idatzi zion, 1752.ean Eléments de musique lana argitara eman zioten, 1754.ean ekuazio diferentzialezko sistemak ebazteko metodoa proposatu zuen (deribatu partzialen adibidea lehen aldiz adieraziz), 1765.ean Frantziako jesuiten kontra lantxo bat argitaratu zioten, 1768.ean serieen kasu berezi batean konbergentzi irizpidea erabili zuen (bere izena ipini zioten), etab. Esan beharra dago matematikari buruz egin zituen lanak zortzi liburutan 1780.ean argitaratu zituela. Kalkulu analitikorako zenbaki konplexuak aski zirela frogatu zuen.

1762. urtean, Frantziako Akademiako idazkari izendatu zuten eta harez gero hil arte bere gain izan zuen kargu hura. Federiko II.ak Berlingo Akademiako lehendakari izatea proposatu zion eta Katalina II.a Errusiakoak San Petersburg-eko Akademiarako dei egin zion, baina eskaintza horiek ez zituen onartu. Frantziako Akademiatik bere lagunei laguntzen saiatu zen.

D'Alembertek lan filosofikoak bildu eta Mélanges de philosophie, d'histoire et de littérature izeneko liburuan argitaratu zituen. Bere pentsakeran materialismoa eta idealismoa ditu. Errealitate objektiboa badela eta zientziaren garapen eta aurrerapenean sinesten duela dio, baina, materiaz kanpo arima bizi dela ere aitortzen du. Egia absolutuaz jabetzea ezinezkoa dela dio eta Jainkoa munduaren sortzailetzat hartzen du.

Dena den, d'Alembert Diderot-ekin batera Entziklopedia famatuan parte hartu zuelako da ospetsu. Sarrera eta artikuluak idatzi zituen, baina jarraitzeko zailtasunak zeudelako lana Dideroten esku geratu zen.

D'Alembert Parisen hil zen 1783.eko urriaren 29an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia