“Aldaketa kultural bat datorkigu, ekosistema industriala aldatuko duena”
2021/09/28 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eraldaketa betean dago industria. Digitalizazioa eta adimen artifiziala beste esparruetara baino beranduago iritsi bada ere, gauzatu da jada. Makina adimendunak sartzen ari dira industrian, eta horrekin batera, datu-ingeniari andana. Makina industrialen adimena zertan datzan galdetu dio Elhuyar aldizkariak BRTAko ikertzaileei, eta erronka nagusiak azaleratu dira: makinak gizakiekin modu intuitiboan komunikatzea, eta datuen auzia ebaztea.
Gizakiak bere gorputzaren kontzientzia duen bezala, makina batek ere jakin dezake noiz sentitzen den ondoezik. Makina-adimena da hori. Detektatu dezake bere baitan zerbait gaizki ote dabilen, bere lanaren jarraipena eginda. Eta bere burua konpontzeko zer behar duen erabakitzeko gaitasuna ere badu: erabaki dezake, esaterako, lubrifikatze-ziklo bat behar duela, erreminta bat higatzen ari dela eta aldatu beharra dagoela, edo erreminta zorrozteko diamantatze-ziklo bat egin behar duela. Era berean, jakin dezakete programatuta dituzten lanak zuzen egiten ari diren eta, behar izanez gero, nola zuzendu fabrikazio-akatsak.
Giza gaitasunak izatetik gertu dauden makinak dira makina adimendunak. Baina autodiagnostikatu eta autokonpontzeaz gain, komunikatzeko gaitasuna ere eskatzen zaie. Makina adimendunen ekosistemak bihurtzen ari dira jada lantegiak. Konektibitatea gakoa da, beraz.
Horretan datza industria adimenduna, 4.0 industria deitu zaiona. Bi eragile nagusik ematen dizkiete makinei gaitasun horiek guztiak: digitalizazioak eta datuek. Datuak eskuratu eta konparatzeak emango dizkie makinei giza gaitasun horiek guztiak garatzeko potentzialtasuna.
BRTAko ikertzaileak bete-betean ari dira industria digitalizatzeko beharrezkoak diren teknologiak ikertzen. “Kontuan izan behar dugu EAEn oso gurea dugula industria digitalizatzeko kritikoa izango den sektore bat: makina-erremintaren sektorea. Alegia, guk fabrikatzen ditugu makinak. Beraz, zuzenean inplikatuta gaude digitalizazio industrialaren bidean EAEn. Prozesua bultzatzen ari gara. Eta sektoreak horren kontzientzia izan behar du”, dio Jon Kepa Gerrikagoitia Arrien BRTAko zientzia eta teknologia arduradunak.
Makina adimendunek errendimendua optimizatzea ekarriko dute. Industria etengabeko ekoizpenetik gertu egotea da helburua, makinak geldiarazten dituzten ohiko arazoetatik libre, makinek arazoak aurreikusi eta etengabe autodoitzeko duten gaitasunari esker. Makinek erabakitzeko duten gaitasunak badu muga bat: gizakiak eman nahi diena. Bere erabakia gauzatu dezake, edo makinako langileari komunika diezaioke aholku modura. Makinei eman nahi zaion autonomia-maila erabaki daiteke.
Atzeman, konektatu, aztertu, interakzionatu
Adimena eskuratzeko bost teknologia handiz hornitu behar dira makinak, Mikel Niño Tecnaliako fabrikazio aurreratuko eta 4.0 industriako estrategia-arduradunaren ustez:
Lehenik, pertzepzioaren zentzumena behar du makinak autodiagnostikoa egiteko, eta datuak erauzteko teknologiak emango dio gaitasun hori. Sentsore espezifiko aurreratuak eta makinen kontrol-datuak eskuratzeko teknologia beharko ditu.
Bigarrenik, makinek, modu isolatuan lan egiten beharrean, elkarri konektatuta egin behar dute lan. Hainbat informazio-iturritako aldagaiak gurutzatu behar dituzte ekoizpena ondo gauzatzen ari den jakiteko, beti ere denbora errealean. Gakoa da, beraz, datuak biltegiratzeko eta konpartitzeko teknologia.
Bestetik, adimen artifiziala ere behar du, sortzen ari den informazio hori guztia normaltasun-ereduekin alderatu, kalitatearen desbideraketa zer aldagaik sortu duen ondorioztatu eta erabakiak hartzeko.
Baina pertsonekin modu intuitiboagoan erlazionatzeko interfazeak ere behar ditu, ekoizpen-lerroan lanean ari den langileari azken erabakia hartzen laguntzeko.
Datuen zikloak lau urrats horiek ditu, beraz: atzeman, konektatu, aztertu eta interakzionatu. Baina, ziklo osoan zehar, bada zeharkako bosgarren faktore bat: segurtasuna. Konexio ziberseguruak egiteak ahalbidetuko du, bakarrik, industria digitalak benetan aurrera egitea.
Datuak, eztabaidagai nagusia
Produkzioan zehar eskuratzen dituen datuak erabiltzen ditu makinak etengabeko autodiagnostikoa egiteko. Era berean, makina adimendunen ekoizleek ematen dizkietenak. Adimen artifizialak etengabeko datuak behar ditu, ikasteko, eta funtsezkoa da datuen transmisioa eraginkorra eta segurua izatea. Aurretik, datuen jabetzaren auzia dago ebazteko.
“Datuena ez da gai samurra. Jokorako arauak definitzen ari dira orain. Softwarea oso azkar hazi da beste esparru batzuetan, baina industriaren esparruan ez da datuen estandarrik egon. Estandarren gabezia hori arazo larria izan da datuak konpartitzeko garaian, eta lan handia egin behar izan da estandar industrial horiek lantzeko, hori gabe oso zaila baita digitalizazioan eta adimen artifizialean aurreratzea”, dio Gerrikagoitiak. “Industria adimentsua ezartzeko koska nagusia da”, Niñok, ildo beretik.
“BRTAko zentro teknologikoetan, industria adimendunaren bost oinarri teknologiko horietan guztietan ari gara lan egiten”, Gerrikagoitiak. “Teknologia digital horiei zentzu industriala emateko lanean ari gara. Izan ere, industriaren sektorearekin oso lotuta gaude eta oso gertutik ezagutzen ditugu fabriketako arazoak”, argitu du Niñok.
Erronka ugari du industria adimendunak, aurrera begira. “Makinek adimena eskuratzearekin batera, pertsona erdigunean jartzea da erronka handieneko bat, kontraesana badirudi ere. Algoritmo adimendunen gaitasunak gehiago garatzeko ezinbestekoa da pertsonek makinari jakinaraztea, egoera jakin batean ez dela kontuan hartzen ari esanguratsua den aldagai bat. Pertsonak makina birkonfiguratu beharko du kontsignak zuzentzeko. Beraz, ezinbestekoa da bi noranzkoko komunikazio hori oso intuitiboa izatea, ia imitatu dezala gizakion komunikatzeko modua bera”, dio Niñok.
“Aurrekoa bezain garrantzitsua den beste erronka bat dugu: aldaketa kultural handi bat datorkigu, eta eskatuko du gure lan egiteko modua bera aldatzea. Alferrik dira datuak, ez bagara datuez eta makinez fidatzen. Guk geuk jartzen ditugu oztopoak. Aldaketa kultural hori gauzatutakoan, erabat aldatuko da ekosistema industriala, ziur naiz”, dio Gerrikagoitiak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia