}

Alda al ditzakegu geneak?

2001/05/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Terapia genikoa eraginkor bihurtzeko teknika berriak asmatzen ari dira.

Zientzialariek giza genoma irakurtzen ahalegin handia egin dute. Egia esan, lan neketsua da, milioika datu jaso eta ordenatu behar baitira. Datu horietan proteinei buruzko informazioa dago eta oso baliagarria suerta daiteke horren datu-basea bukatuta izatea.

Medikuntzan aurrerapen handiak ekarriko ditu genomak. Izan ere, gaixotasun askoren arrazoia proteinetan bilatu behar da. Proteina bat gaizki sintetizatzen denean, ezin dio bere lanari ekin, eta hori genean daturen bat aldatuta dagolako gerta daiteke. Batzuetan, gainera, proteina bat edo beste ez da sintetizatzen genoman kontrako seinaleak daudelako. Horregatik, biokimikariak geneetako mutazioak konpontzeko bideak ari dira bilatzen. Horri terapia geniko deritzo.

Arazo handiak dira terapia genikoan. Genoma osoa zelula guztietan dagoenez, denetan edo behintzat organo bateko zelula guztietan egin behar dira konponketak. Naturan birusek horixe egiten dute eta, horregatik, zientzialariak artifizialki eraldatutako birusak erabiltzen hasi dira.

Laborategian, birusari jatorrizko ADNa kendu eta konpondu nahi den gene ‘osasuntsua’ sartzen zaio. Gero, gaixoa birus artifizial horrekin kutsatzen da, eta birusak genea zeluletako informazio genetikoarekin nahasten du. Horrela, zelulak gene hori bi aldiz du, akastuna eta konponduta dagoena. Prozesu hori deskribatzea erraza bada ere, arrakastarekin egitea erronka handia da biokimikari trebeentzat ere. Dena dela, lortzen deneko egoerak ere arazo batzuk sortzen ditu.

Genearen bi kopia daude, baina kopia ona da aktibatu behar dena. Jatorrizko kopia akastuna da, ordea, naturalki esleitzen zaion tokian dagoen bakarra. Gainera, kanpoko gene bat tartekatzeak bertan zegoen beste bat erdibitzea ekar lezake, birusak ez duelako kutsatzen duen zelularen osasuna zaindu nahi.

New Yorkeko Cornell Unibertsitateko biokimikariek arazo horiek nola gainditu ikertu dute. Asko aztertutako proteina baten genea aldatzea lortu dute giza zeluletan, baina aldaketa mutazio bakarrekoa izan da eta genomaren leku jakin batean.

Teknika hori arrakastatsua suertatzen bada, medikuntzarako aurrerapauso handia izango da, batez ere jatorri genetikoa duen gaixotasunen esparruan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia