Albatrosa, zientzialarien gidari
2002/03/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Albatrosak bi alde dituela dirudi; lurrean dagoenean animalia baldarra da, baina hegaldatu eta itsasoaren gainetik pasatzean ikuskizun paregabe eta ederra eskaintzen du. 2-3 metro luzerekin hegan egiten duen hegaztirik handiena da. Hortaz, ez da harritzekoa ikertzaileen interesa batez ere hegaztiaren arrantza-ibilbidera mugatzea.
Albatrosaren hegalaldiei buruzko azken ikerketaren berri otsailaren 15eko Science aldizkarian argitaratutako artikulu baten eskutik heldu da. Ikerketa biologia-ikerketetarako Chizé zentroko (CNRS) ikertzaileek egin dute, Henri Weimerskirchen zuzendaritzapean. Madagaskarren eta Antartikaren artean dagoen Crozet artxipelagoan bururatu da, eta mikroelektronikaren eta informatikaren punta-puntako materialez baliatu dira beren ingurumenetik aldendu gabe itsas harrapatzaileen jarrera aztertzeko.
Punta-puntako teknologia
Albatrosak hegalari eta ehiztari apartak izateaz gain zuhurrak ere badira. Eta, eskerrak! Izan ere, ugalketa-garaian, arrak zein emeak 150.000 km baino gehiago egiten dituzte kumea elikatzeko habiatik arrantza-tokirako joan-etorrietan! Noski, horrek ikaragarrizko nekea sortzen die, baina haize-lasterrei esker energia-kontsumoa ahal bezainbat gutxitzen dute.
Hipotesi hori lehendik ere jakina zen, baina egiaztatzea falta zen. Energia-gastua neurtzeko, kirolariek bihotz-taupaden maiztasuna neurtzeko erabiltzen duten aparatu beraz baliatu ziren. Horrez gain, GPS bidez hegazti bakoitzaren posizioa zehazteko informazioa 1-5 segundoko maiztasunarekin bidaltzen zuen txip bana jarri zitzaien. Ikertzaileek hamabost bat albatrosi jarri zien txipa bizkarrean, eta lurreko harrapatzailerik ez dutenez, aparatu guztiek arazorik gabe funtzionatu dute ikerketak iraun duen bitartean. Guztira ehun gramo teknologiarekin albatrosaren arrantza eta energia-kontsumoa
zehatz-mehatz ezagutzea lortu dute.
Ikerketaren emaitza baliotsuak
Energia-kontsumoaren gorabeherak aztertzeko, aldez aurretik, laborategian taupaden maiztasunaren eta energia-kontsumoaren arteko erlazioa definitu zuten. Ikerketak erakutsi duenez, kontsumo hori hainbat faktoreren araberakoa izan ohi da. Alde batetik, mugimendua eta jarduera daude, hau da, hegaztia lurrean dagoen edo hegan ari den. Bestalde, ingurumen-parametroak daude, besteak beste, itsasoaren tenperatura eta haizearen norabidea eta indarra.
Hegaztia hegan ari denean eta aldeko haize-lasterraz baliatzen denean, energia-kontsumoa asko gutxitzen da (gutxi gorabehera gizakia pausan dagoenean bezala kontsumitzen du), baina horrek ez dio abiadura makaltzen. Alderantziz; haizea alde duenean, 135 km/h abiadura lortzeko gai da albatrosa!
Aldiz, haizearen kontra hegan egitean, energia-kontsumoak gora egiten du eta abiadura nabarmen moteltzen da. Dena dela,
energia-kontsumo handiena lurreratzean eta hegaldatzean izaten du albatrosak.
Albatrosek urteak behar izaten dituzte nabigazio-teknika hori erabat menderatu eta
energia-kontsumoa ahalik eta gehien gutxitzeko. Zorionez, biziraupen luzea dute (aztertutako indibiduo batzuek 50 urte inguru dituzte) eta helduek bizi osoan zehar hobetzen dute jakintzaren transmisioa.
Ugaltze-garaia amaituta, albatrosek, bakoitzak bere aldetik, itsasorantz alde egiten dute. Hori bai, banatu aurretik bikote bakoitzak maitasun-dantza egiten du, bi urtera elkartzean elkar ezagutzeko. Bien bitartean, nahikoa lan eginda, itsas aldera joan eta urte sabatikoa hartzen dute. Ikerketa hau bururatu aitzin, urte sabatiko horretan zen egiten zuten misterioa zen biologoentzat.
Urte sabatiko bat itsasoan
Hegaztien joan-etorriei urte oso batez jarraitzeko, geolokalizaziorako sistema txikiez baliatu dira ikertzaileak. Aparatu elektroniko horiek
argi-intentsitatea eta tenperatura minuturo grabatzen dituzte eta beren memoria bi urte baino gehiagokoa da.
Urte sabatikoa amaitzean, albatrosak berriz ere Crozera itzultzen dira; orduan, grabatutakoa berreskuratu eta aztertzeko garaia heltzen da. Algoritmo bidez, aparatuek jasotako informazioa hegaldiaren ibilbide bihurtzen da.
Argi-intentsitateari esker, eguzkiaren sarrera-irteeren ordua identifikatzen da eta horrek hegaztia ekialderantz ala mendebalderantz joan den zehazten du. Abiapuntua eguzkiaren sartze-orduan oinarrituta, longitudea neurtzen da. Latitudea, berriz, egunaren luzerari esker kalkulatzen da. Datu horiek erakutsi dutenez, albatros bakoitza leku jakin baterantz hurbiltzen da bi urterik behin, eta bertan pasatzen du urte sabatiko osoa.
Beste itsas hegazti asko bezala, albatros handia, giza jarduerak direla medio, desagertzeko zorian dago. Azken berrogei urteetan egindako jarraipenei esker, ikertzaileek albatros-populazioaren demografiari buruzko informazio osatua dute. Horri esker, hegazti-kopuruaren beherakada ulertu eta gizakiaren arrantza-kanpainen eta albatrosaren hegaldien arteko erlazioa zehaztu ahal izango da.
Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia