}

Akupunturaren alde Estatu Batuetan

1998/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako medikuntza-ereduan gero eta sona handiagoa hartzen ari dira akupuntura erabiliz egiten diren tratamenduak. Osasun Institutu Nazionaleko batzorde batek berriki adierazi duenez, akupuntura oso terapia baliagarria izan daiteke zenbait osasun-arazo tratatzeko. Haginetako mina, haurdunaldian izaten diren goragaleak eta kimioterapiako tratamenduak arintzeko oso tresna baliagarria dela esan dute. Halaber, adikzioa, buruko mina, isuriak eta asma ere akupuntura bidez trata daitezkeelakoan daude.

Nolanahi ere, itzalik ere susmatu dute tratamendu horretan; izan ere, akupunturak gorputzean zehatzago nola eragiten duen hobeki aztertu behar dela aitortu dute. Hala ere, teknika honek opioide endogenoen maila areagotzen duela konturatu dira eta hauek dira, hain zuzen ere, gorputzeko analgesiko naturalak. Halaber, akupunturak hipotalamoa eta pituitarioa estimulatzen dituela, neurotransmisoreen maila eraldatu eta odolaren zirkulazioan eragiten duela ere esan dute zientzialari amerikarrek.

Berehala entzun dira adierazpen hauen aurkako ahotsak eta gai honi buruzko ikerketa nahikorik ez dagoenez, baieztapen hauek oinarri zientifikorik ez dutela salatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia