}

Akuikultura, arrain-eskaria asetzeko

2006/10/15 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken hogeita bost urteetan izugarri hazi da akuikultura, eta, martxa honetan jarraituz gero, hemendik gutxira munduan jaten den arrainik gehiena haztegikoa izango omen da. Beraz, etorkizuna akuikulturan dagoela dirudi. Arrain-eskaria asetzen lagunduko du haztegiko arrainak, baina arazoak ere ekarriko omen ditu.
Batez ere garatze-bidean dauden herrietan da garrantzizkoa akuikultura, arraina elikagai aberatsa baita.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) akuikulturaren egoeraren gaineko txosten bat kaleratu berri du. Eta emaitzak argi erakusten du akuikultura indarra hartzen ari dela: gaur egun mundu osoan jaten den arrainaren % 43 haztegikoa da.

Asko hazi da akuikultura mundu osoan. Pentsa, 1980an jaten zen arrainaren % 9 baino ez zen haztegikoa. Beraz, hazkuntza nabarmena da (urtero % 8 inguru hazten da akuikulturaren produkzioa). Arrantza, berriz, ez da hazi: harrapaketa-kopuruak gorabehera gutxi izan omen ditu azken urte hauetan (urtean 90-93 milioi tona harrapatu ohi da). Beraz, proportzioan geroz eta gehiago produzitzen eta kontsumitzen da haztegiko arraina. Horrela jarraituz gero, laster, jaten den arrainik gehiena izango da haztegikoa.

Arrantza hazten ez dela ikusita, akuikulturaren hazkuntzak ez dauka gelditzeko itxurarik; izan ere, arrain-eskaria handitzen ari da: batetik, munduko populazioa geroz eta handiagoa da, eta, beraz logikoa da elikagai gehiago behar izatea oro har; eta, bestetik, garatutako herrietan geroz eta arrain gehiago jaten da. Eskari hori asetzeko, beraz, arrainak haztegian hazi beharra dago, arrantzarekin ezin baita.

Laster, kontsumitzen den arrainaren erdia haztegikoa izango da Munduko akuikulturaren egoera 2006 txostenaren arabera.

Bada, esan bezala, arrainaren eskaria nabarmen doa gorantz: FAOren txostenaren arabera, gaur egungo arrainaren kontsumo-mailari eusteko, 40 milioi tona arrain gehiago beharko da 2030ean, alajaina. Asko da, eta ikusteko dago eskariaren handitze hori haztegiko arrainekin asetzerik egongo ote den.

Hemen eta munduan

Argi dago, behinik behin, arrantzarekin ez dela arazoa konponduko. Euskal Herrian bertan nabarmena da arrantzatutako espezieek izan duten gainbehera. Arrain preziatuenen biomasak nabarmen egin zuen behera, eta oso kasu gutxitan lortu da biomasa hori berreskuratzea. Arrandegira joan besterik ez dago ikusteko geroz eta bertako arrain gutxiago dagoela. Asko kanpotik ekartzen da, eta haztegiko arrainik ere ez da falta izaten.

Zenbaiten ustean, akuikulturarako pausoa oso naturala da. Kontsumitzen den haragi gehiena haztegikoa da, ez ehiza. Horrek ez du inor harritzen. Bada, era berean, laster ohituko omen gara haztegiko arrainetara.

Akuikulturak hainbat arazo sortzen ditu –batez ere ingurumenari dagozkionak–, baina beharrezkoa da, munduko arrain-eskaria etengabe ari baita hazten.

Dena dela, horrek ez du esan nahi akuikulturak arazorik ez dakarrenik. Mundu mailako txosten horren arabera, kontuan izatekoak dira arrain-haztegiek sor ditzaketen ingurumen-arazoak (hondakinak direla, uraren erabilera dela...); eta, ez hori bakarrik, nabarmendu dute garatze-bidean diren herrialdeetan ez dela nahiko diru inbertitzen akuikulturako proiektuetan, kulturan arrain-hazkuntza barneratuta ez dutenetan batez ere.

Akuikulturak dituen arazo horiek guztiak konpontzen saiatzen ari omen dira. Ahaleginak merezi du, noski. Izan ere, horren gain egongo da munduko arrain-eskaria asetzea. Horregatik, aurrerantzean akuikulturari zor zaion garrantzia eman beharko zaio.

7K-n argitaratua.