}

Akabo enpasteak!

2001/01/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Puskatutako edo usteldutako hortzak berriz haziko balira, hori pagotxa! Enpasterik egin beharrik ez litzateke izango eta akabo hozkiria eta mina. Nahia ez da berehalakoan egia bihurtuko, baina ez da amets eginezina. Washington-go ikerketa-institutu bateko Songtau Shi ikertzaileak hortza osatzen duten ehunak haztea lortu du berriki.

Ikerketaren hastapenak

Hortzak mamiaz, dentinaz eta esmaltez osatuta daude. Hortzaren bihotzean mamia dago, baita zainak eta nerbioak ere. Mamiaren inguruan dentina dago, material horia eta gogorra, eta gainazala esmaltez eratuta dago, gorputzeko ehunik gogorrenaz.

Songtau Shik mamia eta dentina ekoiztea lortu du oraingoz. Horretarako 19 eta 29 urteko lagunen zuhurraginak hartu eta mamia erauzi zien. Ondoren, mamiko ama-zelulak isolatu, tratatu eta saguei injektatu zizkien. Bi hilabeteren buruan injektatutako zelulek dentina eta mamia ekoitzi zituzten. Hurrengo pausoa mamiarekin batera nerbioak eta zainak ekoizteko modua bilatzea izango da, eta zailena, berriz, esmaltea birsortzea. Esmalteak oso egitura konplexua baitu eta inork ez du hura ordezteko material egokirik lortu.

Erabateko abantailak

Azken helburua hortzetako ehunak guztiz birsortzea da, betetako zuloa aparteko zati bat izan ez dadin, hortzaren zati integrala baizik. Egun, merkuriotik edo polimeroetatik abiatuta egiten dira enpasteetarako materialak, eta sintetikoak izateaz gain, ez dute betiko balio izaten. Erori egin daitezke edo puskatu eta beste karies bat sortzeko arriskua eragin. Konponketak hortzetako ehunekin egitea posible balitz, arazo horiek saihestu ahal izango lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia