Aitarik gabeko saguak
2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saguen enbrioiak arrik gabe garatu dituzte Japonian. Horretarako, eme biren obuluak konbinatu dituzte. Bietako bat obulu arrunta zen, eta bestea genetikoki eraldatutako obulu heldugabea.
Hainbat landare, intsektu eta abar arrik gabe ugaltzeko gai diren arren, orain arte ugaztunetan ezin izan dute halakorik egin. Partenogesia deritzo prozesu horri, eta, dirudienez, arren eta emeen material genetikoaren nahaste egokia behar da enbrioitik kumeak sortu ahal izateko. Arrek eta emeek gene-talde berberak dituzte, baina horiek espresatzeko patroi ezberdinak dituzte, eta batzuetan aktiboak direnak besteetan inaktiboak dira. Obulu bat genetikoki eraldatuz, espermaren gene-ekintzaren eredua eman ahal izan diotela esan dute zientzialariek.
Hala ere, esperimentua ez da hain arrakastatsua izan. Izan ere, 460 saiakeratik hamar kume baino ez dituzte lortu, eta horietatik bakarra ailegatu da heldutasunera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia