}

Airean harrapatutako txoriak jaten dituzten saguzarrak

2001/08/07 Astobiza, Amaia


Espainiako hainbat zientzialarik saguzar-espezie batek airean harrapatzen dituen txoriak jaten dituela erakutsi du.

Jakina denez, saguzarrak intsektujaleak edo lore/fruitujaleak dira. Hala ere, nagusiki tropikoan bizi diren espezie batzuek hegan ari ez diren txoriak ere harrapatzen dituzte. Carlos Ibañezek zuzenduriko taldeak egindako ikerketaren arabera, ordea, gau-saguzar handiak ( Nyctalus lasiopeterus ) hegan ari diren txori txiki migratzaileak harrapatzen ditu. Berria oso bitxia da, airean dauden txoriak hegazti harrapariek baino ez zituztela ehizatzen uste baitzuten adituek.

Azkeneko bi urteetan, Doñanako Estazio Biologikoko eta Alcala de Henaresko Unibertsitateko hainbat zientzialari Errioxako mendietan eta Sevillako Maria Luisa parkean bizi den gau-saguzar handia aztertzen aritu dira, eta txoriak ere jaten dituztela frogatzen duten hainbat ebidentzia aurkitu dituzte. Alde batetik, gau-saguzarren habietan eta gorozkietan lumak eta txorien beste hainbat hondakin aurkitu dituzte. Bestetik, ehizan ari direnean ateratzen dituzten hots ultrasonikoen maiztasunak eta une horretako hegaldia ere aztertu dituzte.

Guztira, 14.000 lagin inguru aztertu zituzten, eta, udazkeneko migrazio-sasoian, laginen % 70ean txori-lumak zeudela aurkitu zuten. Saguzarrek, normalean, gauez bakarrik ehizatzen dute; txori migratzaile txiki gehienek, bestetik, egunez bakarrik hartzen dute atseden. Bi horiek kontuan hartuta, saguzarrek txoriak gauez harrapatzen dituztela uste dute adituek. Gainera, saguzarraren hego-itxurako mintzak eta maiztasun txikiko soinuak egokiagoak dira zeru zabalean ehizatzeko zuhaitzik zuhaitz txori bila ibiltzeko baino.

Gau-saguzar handia Europako saguzarrik handiena da; besoak zabalik, metro bateko zabalera izan dezake. Ilaje marroia du, eta, tropikala ez den kliman bizi bada, negualdia zuhaitz-enborretan hibernatzen igarotzen du, intsekturik ez dagoenez jatekorik ez duelako. Nagusiki, Europako hegoaldean (Espainian eta Italian) eta Asian bizi da.

Zientzialarien hurrengo lana gorozkien ADNa aztertzea da, saguzarrek gogokoen dituzten txori-espezieak identifikatzeko. Horretaz gain, Espainiako armadaren bereizmen handiko radar-sistema erabili nahi dute, txori-ehiza zuzenean ikusi ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia