Ahoko txikitxoen barrabaskeriak
2008/02/24 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Seiehun bakterio-espezie inguru baliatzen dira eskaintzen diegun ingurune paregabeaz; ahoan gelditzen diren janari-hondarrez, hildako zelulez eta mukiez elikatzen dira. Eta, ordainetan, batzuek usain higuingarria duten gasezko konposatuak kanporatzen dituzte.
Batez ere mingainaren atzeko aldean sortzen da arnasatsa. Badirudi sudurretik behera isurtzen diren mukiak, eztarrian beherako bidean, mingainean itsasten direla, eta han orduak nahiz egunak ematen dituztela. Han dauden bakterioek ekoizten dute arnasatsa horiek deskonposatzean.
Ahoko bakterioak suntsitu
Munduko kultura guztiek dute arnasatsarekiko ardura; eta kultura bakoitzak modu bat edo beste aurkitu du horri aurre egiteko: brasildarrek kanela-zotzak murtxikatzen dituzte, irakiarrek iltzea, Singapurrekoek guaiaba fruituaren azala, ekialdeko Asian anis-haziak eta abar.
Denok dakigu zer desatsegina den, norberarentzat nahiz ingurukoentzat, ahoan usain txarra izatea. Batzuk, hala ere, ardura hutsetik harago doaz, eta itsutu egiten dira beren ustezko arnasatsari aurre egiten. Eta, askotan, arnasatsa irudipena baino ez da. Hain zuzen, hauxe da gai horretan adituak direnek ematen duten lehenengo aholkua: egiaztatu zuri arnasatsa iruditzen zaizuna benetako arnasatsa dela. Horren haritik, esperimentu bat egin zuten: norberak sumatzen duen usaina eta hatsa neurtzeko tresna batek neurtutakoa konparatu zituzten, eta frogatu zuten norberak sumatzen duen usaina berez duenaren bikoitza dela!
Parafarmaziako produktuen industriek ere onura ateratzen dute jendearen ardura horren kontura. Hamaika produktu asmatzen eta saltzen dituzte, hala nola pilulak, elixirrak, mendak, sprayak edota hortzetako ore bereziak. Batzuk eraginkorrak dira, baina gehienek hatsa denbora-tarte txiki batez mozorrotu besterik ez dute egiten.
Egiazkoak ez diren usteak ere zabaltzen dituzte produktuak saltzeko. Adibidez, oso zabalduta dago produktuek zenbat eta sumindura-sentsazio handiagoa eragin, edo zenbat eta apar gehiago sorrarazi, orduan eta eraginkorragoak direla. Eta ez du horrela izan beharrik. Ahoan erredura-sentsazioa sumatzeak adierazten du kaltea jasaten ari direnak norberaren ahoko zelulak direla, eta ez nahitaez ahoan dauden bakterioak.
Gure gorputzak berez deuseztatzen ditu bakterioak: listuaren bidez bakterio asko irensten ditugu, eta urdailera iristen direnean akabatu egiten dira. Listu-jarioa txikiagoa denean, lo gauden bitartean, esate baterako, listu gutxiago ekoizten dugu, eta, beraz, askoz bakterio gutxiago irensten ditugu. Irensten ez ditugun bitartean, bakterioek hazten, elikatzen, eta, noski, usain desatsegina duten gas-konposatuak ekoizten jarraitzen dute. Horregatik, goizean, esnatu berritan, ohikoa da arnasatsa izatea.
Gehienetan, nahikoa da aho-higiene egokia izatea bakterioen hazkuntzari kontrolpean eusteko. Kontrolpean eutsi bai, baina ez litzateke erraza izango ahoko bakterio guztiak suntsitzea. Eta, posible balitz ere, ez litzateke komenigarria izango, bakterioak desagertuta, beste bizidun batzuk sartuko bailirateke gure ahoan, hala nola onddoak. Horrek esan nahi du onddoek eragindako infekzio bat hartuko genukeela. Gaitza baino okerragoa izango litzateke erremedioa!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia