}

Ahoa sika-sika eginda

2003/09/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ahoa lehorra izatea ez da batere atsegina eta are gutxiago lehortasun hori gaixotasun bihurtzea. Badira, ordea, txistu-gabeziarekin erlazionatutako gaixotasun bat baino gehiago, adibidez, sicca-sicca eta Gougerot-Sjögren sindromea.

Ez-ohiko gaixotasun horiei buruzko ikerketa 1976an hasi zen indartzen, hain zuzen ere, ATP molekularen (adenina trifosfatoaren) funtzio berriak ezagutu zirenean. Urte hartan, ATPak eta haren eratorriek hainbat prozesu biologikoren kontrola zutela ikusi zuten eta emaitza haien ondotik txistu-jarioarekin zuten harremana ikertzen hasi ziren Leioan.

Ikerketa horiek, dudarik gabe, interes biologiko eta medikoa zuten, adibidez, lehen aipatutako gaixotasunak sendatzeko. Izan ere, hirugarren adineko pertsonetan agertzen diren gaixotasun horiek txistuaren eta malkoen gabezia eragiten dituzte.

Goujerot-Sjögren sindromea gehiago jasaten dute emakumezkoek gizonezkoek baino, % 10 gehiago, hain zuzen ere.

Kontuan izan behar da txisturik eta malkorik ez izatea arazo larria dela; izan ere, txisturik gabe aho-lehortasuna eta hitz egiteko eta janaria irensteko zailtasunak agertzen dira eta, begietan malko gutxiegi izanez gero, gaixoa itsu gelditzera ere hel daiteke.

Txistuaren garrantzia

Txistuak ahoa, digestio-hodia eta urdaila babesten eta garbitzen ditu. Bertan aurkitzen dira proteasak eta bestelako entzima garrantzitsuak eta baita EGFak ere (Epidermal Growth Factor izeneko proteinak). EGF proteinek azalaren hazkuntza bultzatzen dute eta ahoan eta digestio-hodian etengabe janariak eragiten dituen zauriak sendatzen dituzte.

Txistuaren garrantzia ikusita, lehenik, txistua jariatzen zuten guruinetan finkatu zituzten ikerketak, matrailezurraren azpian dagoen guruinean, esaterako. Guruin horiek Goujerot-Sjögren sindromea dutenean, proteina bat espresatzen dute. Proteina horrek guruinaren inguruan T linfozitoak ugaritzea eragiten du eta, beraz, guruina antigorputzez eta proteinaz inguratuta gelditzen da. Pixkanaka, guruinak ezin du txisturik sortu eta deuseztatzen joaten da; hau da, Goujerot-Sjögren sindromea gaixotasun autoimmunea da.

Hain zuzen ere, guruin horien azterketan ikusi zuten ATP molekulak eta haren hartzaileek (hartzaile purinergikoek) eragin handia zutela txistu-jarioan. ATPa txistu-guruinak kitzikatzen direnean sortzen da, hau da, jaten dugunean edo digestioaren hasieran.

Hori ikusita, ikertzaileek, lehenik, zeluletan dauden ATP-hartzaileak karakterizatu eta, ondoren, zelulen barneko mekanismoak zehaztu zituzten. Horrela, ikusi zuten txistuaren gabezia dakarten gaixotasunetan ATPa nahikoa dela txistua jariatzen duten hodiak irekitzeko. Berdin gertatuko litzateke begian, malkoak falta direnean, edo trakean hura garbitzen duten fluidoak falta direnean, baita bronkioak mukiz beteta dituzten gaixoetan edo fibrosi zistikoan ere. Hala nola, plaketan tronbosiak saihesteko ere eragin positiboa du ATPak.

Beraz, ATPa eta haren eratorriak, fluidoen jarioa bultzatzen dutenez, gaixotasun horientzako botikak garatzeko aukerako bidea dira. Inork gutxik ikertzen zuen molekularen funtzio berriek gaixo askoren sendabidea izan daitezke.

  • Proiektuaren izenburua
    Txistu-guruinetan dauden hartzaile purinergikoen karakterizazioa.
  • Helburua
    Txistuaren jario aldatuarekin harremana duten prozesu patologikoen fisiologia eta erregulazioa ikertzea.
  • Ikertzaile nagusia
    Aida Marino.
  • Lan-taldea
    EHU: A. Marino, E. Alzola, M. Garcia. J. Burzaco, M. Fernandez, M. Conde, M. Villate.
    Bruselako Unibertsitate Askea: Jean Paul Dehaye.
  • Saila
    Biokimika eta Biologia Molekularra Saila.
  • Fakultatea
    Zientzia Fakultatea.
  • Finantziazioa
    Eusko Jaurlaritza, EHU, MCyT, Gangoiti-Barrera Fundazioa, NATO.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia