Agustin Fresnel
1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fisikari frantses honen lana aipatzen denean Young-en laguntzaile fina izan zela nabarmendu ohi da. Hori horrela bada ere, ezin liteke ahaztu Young-en teoriak biribildu eta osatu egin zituela eta Fresnelen lana askotan ingelesaren ohoretan erabili izan dela behar baino gehiagotan.
Fresnel 1788an jaio zen Chambrais-en (gaur egungo Broglie hirian). Haurtzaroan ez zitzaion zientziarako etorririk nabarmendu, zortzi urte bete arte ez baitzuen irakurtzen ikasi. Edonola ere, adimena lantzeko ariketa bereziak eginez, unibertsitatera joatea lortu zuen. Injinerutza-ikasketak egin zituen eta Frantziako gobernuarentzat Ian egiten hasi zen. 1814an eten txiki bat egin behar izan zuen bere karreran, Napoleon Elba uhartetik itzuli zenean, Fresnel baztertu egin zuelako.
Urte horretan Fresnel argiaren izaeraz arduratuta zebilen eta Young-en esperimentuen berririk izan gabe, bere kasa hasi zen arazo hori ikertzen. Arago bere laguntzaileak bazuen Ian horien berri eta teoria ondulatorioaren defendatzaile sutsu bihurtu ziren biak. Dakigunez, eztabaida bizia zebilen garai horretan Newton-en teoria materialista eta Huygens-en eredu ondulatorioaren artean. Fresnelek argia bere higiduraren norabide berean hedatzen den luzetarako uhina dela uste bazuen ere, frogapenik eman arte teoria hori ez zela onartua izango ongi zekien. Bere esperimentuetan aurkitu zuen teoria hori iragartzeko behar zuen frogapena.
Zeharkako uhin batean hedapen-norabidearekiko elkartzut den planoan uhinak norabide bakar batean bibratzen direla esan zuen, lehen aldiz polarizazioaren hipotesia emanez. Argiaren polarizazioaren teoriak optika kristalinoan erabili zituen. Erabilpen-eremu berria finkatu izanak mesede handia egin zion zientziari, hurrengo belaunaldian Pasteur-en aurkikuntzek frogatuko zutenez.
Eterraren teoria eman zuen argi-uhinak hedatzen direneko espazio ukiezina definitzeko. Fisikarien artean zalaparta itzela sorrarazi zuen horrek eta Arago bere laguntzaileak berak ere teoria hori baztertu egin zuen. Eztabaida horiek zirela medio, argiaren teoria ondulatorioa ez zen erabat onartua izan Europan Fresnelen garaian eta urte asko iragan behar izan ziren erabateko onespena lortu ahal izateko.
Agustin Fresnelek ez zuen hori ikusterik izan, 1827an hil baitzen Parisetik hurbil dagoen Villed’Avray herrian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia