Agroaldeak, nekazaritza denon eskura?
2005/04/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarritan entzuten da lur gutxi dagoela, eta horrek agroaldearen garapena zailtzen duela pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina, ez! Euskal Herria txikia da eta jende asko bizi gara hemen, baina ez dago lur gutxi.
Gertatzen dena da dagoen lur gehiena pribatua dela. Gipuzkoan eta Bizkaian adibidez, eta bereziki Gipuzkoan, ez dago lur publikorik. Dagoena pribatua da eta asko balio du.
Bestalde, nekazaritzako lur batzuk galtzen ari dira, beste behar batzuetarako (industria, etxegintza...) erabiltzen direlako. Nekazaritzarako onak diren lur horiek babestu eta jarduera bultzatzeko zerbait egin beharra dago. Hori lortzeko modu bat agroaldeen eredua da, hain zuzen ere. Lurrak babesteaz gain, proiektu baten bidez lur horiek egokitzen dira, industrian egiten den bezala, urbanizazio-lanak eginez: ura, argindarra, bideak. Udalerriek sustatutako eredu edo ideiak dira, beraz, agroaldeak.
Arazo txiki bat ere badute, ordea: lurrak publikoak dira, eta, beraz, beste edozein jardueratarako erabili beharrekoak direla erabakitzen bada hala egiten da, nekazaritzak ez baitu beste sektoreek adina irabazi ematen. Ondorioz, beti dago lursail horiek desagertzeko arriskua.
Gipuzkoan barrena
Agroaldeen ideia 1992an sortu zen Euskal Herrian, Oiartzunen, eta gaur egun bost agroalde daude martxan: San Markoskoa (Errenteria-Donostia), Asteasukoa, Arraguakoa (Oiartzun), Astigarragakoa eta Lezokoa, eta beste hainbat bidean dira (Bergara, Irun...). Guztiak jabetza publikoko poligonoak dira, 4.000 eta 10.000 m 2 bitarteko lursailetan banatutakoak, hain zuzen ere. Azpiegitura orokor komunak dituzte (argia, ura, sarbideak, itxiturak) eta barazkien, landareen edo lore moztuen laborantzan jarduten dute.
Bost agroalde horietatik bitan, erregai batetik abiatuta (gas naturala, normalean) aldi berean argindarra eta beroa ekoizten dituzten kogenerazio-instalazioak dituzte.
San Markosko agroaldea, esaterako, Donostiako hiri-hondakin solidoen zabortegiaren inguruan dago, eta, horri esker, hain zuzen ere, berogailu gisa erabil daiteke zabortegiko biogas-instalazioko motorrak erabiltzen duen ura, motor horietatik ur beroa ateratzen baita. Izan ere, hondakinak erretzeko plantan metanoa sortzen da (biogasa), eta, metano hori gas naturalarekin nahasi eta beste prozesu batzuk egin ondoren, argindarra sortzen da.
Oiartzungo Arraguan ere antzeko zerbait gertatzen da. Han ere gas naturala erre eta argindarra sortzen da.
Besteak beste, barazkiak eta landareak ekoizten dira gune horietan, batez ere tomateak. Ekoizpen horiek guztiak lurrean, loreontzian edo era hidroponikoan egin daitezke, berotegian nahiz kanpoan. Laborantza hidroponikoa hitz potoloa da benetan. Laborantza-mota honetan landareak ez dira lurretan hazten; buztinarekin egiten den substratu artifizial batek egiten du funtzio hori. Buztin tratatu horien poltsa edo zakuak lurrean jarri, eta landareari ureztatze bidez iristen zaio behar duen guztia. Negutegiak, bestalde, landareen behar klimatikoak asetzen ditu.
Sistema horietan ez da pestizidarik erabiltzen, eta, hortaz, produkzio garbia da; hau da, hondar kimikorik gabekoa dela esan daiteke. Gainera, landarearen prozesua ordenagailu-sistema batek kontrolatzen du hasieratik amaieraraino.
Agroaldea vs industrialdea
Dudarik gabe, agroaldea industrialdearen itzalpean sortzen da pixka bat. Dena den, erakundeek askoz konpromiso txikiagoa hartzen dute agroaldeekin. Normala da neurri batean. Izan ere, lur askoz gehiago behar da enplegu askoz gutxiago lortzeko.
Industrialdeekin alderatuz, desberdintasun ugari dituzte: batetik ekonomikoa eta bestetik kokapena; izan ere, agroaldeak egiteko, oro har, ez dira lurrak hautatzen, bazterretan kokatzen dira eta askotan betelanak egiten dituzte, beste ezertarako nahi ez diren lurrak baitira. Horrez guztiaz gain, ekoizleak inoiz ez dira lur horien jabe egiten. Industrialdeetan, berriz, 10-20 urte bitarteko epea daukate poliki-poliki hasieran alokairuan hartu duten partzela erosteko. Agroaldeetan, aldiz, lurra ezin da erosi. Hori bai, alokairuak oso merkeak dira, 180 euro urteko gutxi gorabehera.
Agroaldea epe luzerako apustua da. Eta proiektuaren asmoa lur publikoak berreskuratu eta horietan produzitzen hastea da, edo, gutxienez, produzitu nahi duenari aukera hori ematea. Gipuzkoako Foru Aldundiak berak ere etorkizuna bide horretatik ikusten du, batez ere baratzezaintza sektorean.
Juan Kruz Alberdi: “Agroaldeetan lur asko behar da, eta Gipuzkoan nekazaritzarako lur eskuragarri eta erabilgarri oso gutxi dago”
Zer da Behemendi?
Behemendi Donostialdeko landa-garapenerako elkartea da. Haren eginkizuna, zer esanik ez, landa-garapena sustatzea da. Gipuzkoari dagokionez, Tolosaldean, Urolan, Debabarrenean, Debagoienean eta Goierrin ere badira landa-garapenerako elkarteak. Eta Euskal Autonomia Erkidego osoan zabaltzen dira.
Zer funtzio du elkarteak agroaldearen sustapenean?
Behemendi elkarteko teknikari gisa, agroaldeak martxan jartzea da gure helburua. Ez dago lan hori egiten duen beste entitaterik. Gehienbat lurrak bilatu eta egokitzeaz arduratzen gara. Behemendiko partaide dira baita ere bailarako udal guztiak, eta baita bailarako baserritarren elkarte eta sindikatuak ere. Foru Aldundiarekin batera lan egiten dute, noski.
Nola ikusten duzue zuen elkartetik agroaldeen etorkizuna?
Alderdi positiboari begiratzen badiogu, inork ez du zalantzan jartzen baratzezaintza-sektorea oso ondo dabilela. Gaur egun, segur aski, Euskal Herrian emaitza onenak ematen ari den sektorea da. Izan ere, barazki-kontsumoa asko igo da hamarkada osoan.
Gainera, lur gutxien behar duen jarduera baratzezaintza da. Beraz, erabilera horretarako lursailak bilatu beharko dira, besterik ez bada. Izan ere, agroaldeetan baratzezaintza da ia garatu daitekeen jarduera bakarra, artzaintzak eta ganaduen zaintzak lur asko behar dutelako. Ideia bat egiteko, gutxi gorabehera 10-100 aldiz azalera handiagoa behar da.
Aurrera begira, ordea, agroaldeen etorkizuna nahiko zaila dela esan daiteke. Izan ere, sektorearen egoera oso beltza da. Eta, azken finean, agroaldeen egoera nekazaritza-sektorearen egoeraren ondorio bat besterik ez da.
Gipuzkoan, esaterako, batetik, ez dago sektorean jarraitu nahi duen gazterik eta, bestetik, presio urbanistikoa hain da handia, ezen oso zaila baita ekoiztea. Bai baratzeko produktuak eta bai beste edozer gauza. Lur asko behar da, eta Gipuzkoan, lurraren ezaugarri fisikoengatik, eskuragarri dagoen eta erabilgarria den lur oso gutxi dago.