}

Afrikako itsasoa europarron baratze

2001/09/09 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

XX. mendera arte, gizakiak itsasoa agor ezin daitekeen ondaretzat hartu du. Arrantza neurri gabe egin da eta, ondorioz, aberatsak ziren leku asko biluzik gelditu dira. Bide ilun horretan sartu den eskualdea da Mauritaniako Banc Arguin parkea ere. Aberatsa bai, baina agortezina ez.
Arrantzaleak itsasontzitik sarea botatzen.

Mauritaniako Banc Arguin parkea 1976an izendatu zuten parke nazional eta, oraindik, bera da Afrikako itsas parkerik handiena. Marokotik Ginea Bissau arteko kostako 2.000 kilometroetako arrainak jaio eta hazten dira bertan. Jean Worms parkeko zuzendariaren hitzetan, "Eguzki betean, itsaspeko ur aberatsak gaineratzen dituen itsas-korronte bati esker, elikagaiez gainezka egoten da. Elikagai hori arrain askok eta milioika txorik, tartean Europatik migratzen duten 2 milioi txorik, osatzen duten kate trofiko luzearen hasiera da. Leku aberatsa da, dudarik gabe, baina aberastasunak beti erakarri izan du jende asko, eta hau ez da salbuespena.

Itsasoko eskualde aberatsak munduko arrantzale guztiek ezagutzen dituzte. Neurri gabeko arrantzagatik asko erabat ustiatu dituzte baina, badirudi oraindik itsasoak ez duela ikasgaia ulertaraztea lortu. Izan ere, Banc Arguin Afrikako itsas parkerik handiena delako inoiz ez zela agortuko uste zen, baina lekukoek, zientzialariek eta bertako arrantzaleek etorkizun iluna ikusten dute.

Bi arrantzale mota arrantza leku bakarrean

Txalupatik itsasontzia arraina pasatzen.

Duela hamarkada bat parkearen inguruko biztanleek, Imraguen deritzen desertu pobre batzuetako komunitateek, bakarrik arrantzatzen zuten parkeko uretan. Geroztik gauzak apur bat konplikatu eta okerrera jo dute. Gaur egun, Banc Arguin parke nazionalean arrantzatzeko baimena inguruetako dozena batzuk itsasontzi txikik bakarrik dute. Baina arrainek ez dituzte parkearen muga eta, beraz, eskaintzen dien babesa ezagutzen eta, garaiaren arabera, parkearen barruan edo kanpoan ibiltzen dira.

Mugetan, milaka arrantzale tradizionalen sareekin egiten dute topo eta haratago, berriz, arrantzari tradizionalek baino arrain gehiago eta neurri gabeak hartzen dituzten herrestariekin.

Parkeko mugetan, Espainiarako izkira, Portugalerako otarraina, Asiarako marrazoaren bizkar-hegatsa, etab. arrantzatzen dira. Europako Batasunak, Mauritaniako gobernuari kiloko euro bat ordainduta, urtero 250.000 tona arrain arrantzatzen ditu –kanpotarrek hartzen dutenaren erdia– eta Senegaleko eta Ginea Bissauko uretan are gehiago. Horrela, 600 (edo gehiago) herrestarik arrantzale txikiek baino 30 aldiz gehiago harrapatzen dute. Mohammed Swidi Iwik herriko buruzagiaren lekukotasuna entzutea nahikoa da neurri gabeko arrantza horren ondorioak zein diren jakiteko. "Lehen arrantzara joan eta barbarinak guregana etortzen ikusten genituen.

Sare handiek kalte handiak egin dituzte Afrikako kostalde aberatsenean.

Nahikoa zen sarearekin itsasoan sartzea harrapatzeko. Orain, hori ez da horrela gertatzen eta, nire ustez, barbarinak iparrerago arrantzatzen duten arrantzari senegaldarren tranpetan erori dira. Izan ere, 1990ean barbarinaren arrantzak Europako merkatu berriak bultzaturiko igoera nabarmena izan zuen. Arrantzale horiek merkatu horretarako arrantzatzen zuten eta ez beraien platererako. Espero zitekeen bezala, arrain-stocka ikaragarri gutxitu da".

Orain, beste arrain batzuk etorkizun beltz beraren aitzinean daude. Izan ere, barbarinaren arrantza gutxituta, arrantzale askok eta askok beste arrain batzuk harrapatzeari ekin diote. Adibidez, marrazoa. Pierre Campredon, Mauritaniako gobernuaren arrain-kudeaketarako aholkularitza lanetan diharduen biologoa ez da batere baikor agertzen arrantzaleen etorkizunaz mintzatzean eta, itsasoko parkeen arrakasta ikusi nahi bada, kontserbatzaileek parkea beren gain hartu behar luketela uste du. "Kontserbaziorako gure indar guztiak hutsean gelditu ziren urte gutxi batzuen epean".

Kudeaketa zaila

Parke nazional guztietan gertatu ohi denez, Banc Arguineko parkean ere hainbat interesek egiten dute topo. Bertako arrantzale eta ikertzaileak kezkaturik agertzen diren bitartean, gobernuek kanpo zorrak kitatzeko beharrezko diru-iturri gisa ikusten dute arrantza, eta kanpotarrek harrotasun handiz esaten dute beraiek arrantzatzea afrikarrentzat onuragarri dela.

Afrika mendebaldeko itsasoko ikerketak ez du historia luzerik eta, gainera, ezin esan horretara diru asko bideratzen denik. Hala ere, Mauritaniako, Senegaleko eta Ginea Bissauko ikertzaile guztiak iritzi berekoak dira. Mauritaniako ikerketa zentro bateko zuzendariak ongi laburbiltzen du egoera: "gero eta txikiagoa den pastelak gero eta jale gehiago du".

Oraindik arrain kopurua handia bada ere, neurrigabeko arrantzak egoera arras alda dezake.

Callum Roberts York-eko unibertsitateko ikertzaileak eta mundu-mailan ezaguna den adituak ere honela dio: "Herrestariak Afrikako itsas baliabideak gehiegi ustiatzen dituzte eta urak biluzten ari dira. Arrantza jasangarria egingo dutela dioen nazioarteko hitzarmena sinatu zuten, baina bide horretatik jarraituz gero, Afrikako arrantzaleen etorkizuna kinka larrian dago".

Normalean arrantza kuotak jartzea bertako gobernuen esku dago, baina arrantzarekiko duten dependentzia handiegia da erabaki zuzena libreki hartu ahal izateko. Alde batetik, kostako komunitateetan milaka arrantzale daude eta Afrikako biztanleek hartzen dituzten proteinen % 75 itsasotik dator. Beste alde batetik, Europatik jasotzen duten dirua beharrezkoa dute zorrak ordaindu ahal izateko.

Arrantzaleak ere jabetu dira okerreko bidean sartuak direla. Dimas Santosek, adibidez, Mauritanian, arrain esportazioan egiten du lan, bisigua eta merlenka europar ostatuetara saltzen. Berak ere itxura eskasa hartzen dio gaur egungo egoerari: "duela bi urte erosten nuenaren erdia baizik ez dut erosten eta, gainera, inoiz ordaindu dugun preziorik garestienean". Izan ere, bertako arrantzaleak kostaldetik 600 kilometro urrundu arren, lehen 20 minututan harrapatzen zutena, orain, lau ordutan arrantzatzen dute. Lanegunak luzeagoak dira eta hamabost eguneko atera behar dira.

Oso bestelako iritzia dute Europako Batasuneko agintari eta arrantzale gehienek. Europako Batasuneko arrantzarako poliziaren arabera, arrantza jasangarria egiten da, eta Kevin McHugh Atlantic Dawn-en jabeak ere ez du uste Mauritaniako itsas baliabideak gehiegi ustiatzen direnik. Atlantic Dawn arrantzarako munduko itsasontzirik handienetakoa da; 144 metro luze eta 60 metro zabal da eta 7.000 tona arrainerako kapazitatea du. Kevinek aitortzen du Mauritaniako uretan bakarrik arrantzatzen dutela, baina oso kontrol zorrotzak pasatzen dituztela dio. "Gainera, gu hara joaten ikusi nahi gaituzte, beraientzat diru-iturri baikara".

Itsasoa ere zaindu behar da

Lurrazalaren % 70 ozeanoek estalita dago eta, hala ere, % 1 baino ez dago babestuta. Izan ere, XX. mendera arte gizakiak ez ditu ekosistemak agor daitezkeen ondaretzat hartu. Oraindik ere itsasoak agortezina dirudi, baina alarma piztu da. Koral-kolonien % 25 baino gehiago hondatuta dago eta arrantza-erreserben % 70 gehiegi edo gaizki ustiatu da. Uraren poluzioa ere arazo larria da eta horrekiko sentikorrak diren espezie asko desagertzeko zorian daude. Arriskuan dauden espezieen harrapaketa ez da eten. Ondorioa argia da: itsasoa babestea ezinbestekoa da. Itsasoa babestea ez da erraza hainbat arrazoigatik.

Lehen traba handia herrialdeetako administrazioak dira, ekosistema babesteko legediak oso poliki egokitzen ari direlako eta gehienetan lehorrekoentzat soilik diseinatu direlako. Gainera, kosta ingurua babestea ez da nahikoa izaten, ozeanoen tamainak beste planteamendu zabalago bat eskatzen du.

Biologiaren ikuspuntutik ere arazoak sortzen dira. Onartuta dago gune babestuek eraginkorrak izateko, ekosistema osoak hartu behar dituztela barnean. Baina itsasoaren muga ekologikoak finkatzea ez da erraza, faktoreen arteko eragina lehorrean baino konplexuagoa baita. Itsasoko espezie asko migratzaileak dira eta korronteekin higitzen dira tenperatura egokien bila.

Askotan larbak toki batean jaio eta beste batzuetan hazi eta bizi dira. Espezie horiek babesteak eremu batean baino gehiagotan lan egitea eskatzen du, beraz. Gainera, itsasoko gune babestuak kudeatzean, gure jakinduriaren mugarekin egiten dugu topo. Kontuan hartu behar da, ekosistema konplexuak direnez, okerreko erabaki batek ondorio larriak izan ditzakeela. Bestalde, oro har, sarbide irekiko guneak dira eta ezin zaie hesirik jarri. Naturak ez du erraztasunik ematen, baina onartu behar da trabarik handienak beste jatorri bat dutela. Zenbait kasutan, administrazioen zentzugabekeriak ere arazoa areagotu egin du.

Arrantzarako debekatuko esparruak izendatzea ez da lan erraza. Arrantzaren beraren jarduerarako onuragarria dela frogatu den tokietan oztoporik gabe sortu izan dira, baina, oro har, arrantzaleen interesak izaten ditu aurrez aurre. Abantailak epe luzekoak izaten dira eta arrantzaleen beharrak, aldiz, egunerokoak.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia