}

Aerosorgailuen tesia irabazle

2003/10/23 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Basque Research -ek antolatu duen lehen tesi-lehiaketan, Lapurdiko Haritza Camblong Ruiz ingeniaria izan da irabazlea. Aurkeztu duen tesiak abiadura aldagarriko aerosorgailuen kontrol-sistema hobetzea du helburu.
Haritza Camblong baionarrak irabazi du Basque Research-ek antolatutako tesi-lehiaketa.

Guztira 35 pertsonak hartu dute parte tesi-lehiaketan eta 480 botorekin Haritza Camblongen lanak irabazi du. Bigarren sailkatuak, Mª Aranzazu de Zarragak, kimikako tesi bat aurkeztu zuen lehiaketara eta 288 boto jaso ditu. Hirugarrenak, berriz, Pello Urangak, 273 boto izan ditu materialen inguruko ikerketa batengatik.

Irabazlearen hitzetan "lehen abiadura finkoko aerosorgailuak erabiltzen baziren ere, orain ohikoenak abiadura aldagarrikoak dira. Horregatik, aerosorgailu horien kontrola hobetzea izan da gure helburua". Hain zuzen ere, 4 irizpideri jarraituta lortu nahi izan dute hobekuntza hori, haizearen perturbazioek energia elektrikoaren sorkuntzan duten eragina gutxiagotzeko.

Badu, gainera, beste ezaugarri bat tesiak: "hainbat tutorerekin egindako tesia izan da". Izan ere, Bordeleko unibertsitatean, ESTIAn, LIPSI eta LEPT laborategietan eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan egin du bere lana ikertzaileak. Lan gogorra izan da, baina gustura agertu da irabazlea; izan ere, bere ustez "ikerketa egitea merezi du".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia