ADSL Internet azkar eta merke gure etxean
1999/11/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Telefonoz hitz egiten denean, badira ahotsa transmititzeko erabiltzen ez diren hainbat frekuentzia. Bide hori aztertu zuten 1996an ADSL teknologia garatzen hasi zirenek. Gaur egun, teknologia hau errealitatea da, eta badirudi 2000. urtea ADSLaren urtea izango dela.
ADSL (Asymmetric Digital Suscriber Line) izenaz ezagutzen den horrek gure etxeko telefono-linea arrunta erabiltzen du Internetera konektatzeko. Linea hiru kanaletan banatzen du: batetik ahotsaren komunikaziorako kanal bat uzten du eta, bestetik, abiadura handiko bi kanal prestatzen ditu Interneteko konexiorako: bata datuak jasotzeko eta bestea bidaltzeko. Bi kanalak asimetrikoak dira, hau da, datuak jasotzeko erabiltzen den kanala, bidaltzeko erabiltzen dena baino azkarragoa da.
Asimetriaren arrazoia garbia da: Internetetik jasotzen den informazio-kopurua eta bidaltzen dena ez da berdina izaten, bidaltzen duena baino askoz gehiago jasotzen baitu. ADSL teknologia informazioa azkar jasotzeko beharrean oinarritzen da beraz.
ADSLren ezaugarriak
ADSL teknologiaren bitartez Internetera konektatzeko modem bat erabiltzen bada ere, ez da modem arrunta. Modem analogikoek etxeko telefono-linea osoa hartzen dute Internetera konektatzeko eta konektatuta dauden bitartean ezin da telefonoz hitz egin. Gainera, modem analogikoek gaur egun lortzen duten abiadurarik azkarrena 56’6 kb/s-koa da. ADLSrekin ordea, Internetera konektatuta dauden bitartean telefonoz hitz egin daiteke, teknologia horrek kanal desberdinak erabiltzen baititu ahotsarentzat eta datuentzat. Abiadurari dagokionez, lehen esan bezala bi abiadura lortuko dira: 8 Mb/s-ko abiadura lor daiteke datuak jasotzean, eta 1 Mb/s-koa datuak bidaltzeko orduan. Dena den, oraingoz Espainian martxan dauden zerbitzuetan 2 Mb/s-ko abiadura lortzen da gehienez, baina abiadura hori ISDNak berak (sare digitala) eskaintzen duena baino azkarragoa eta merkeagoa da.
Horiek ez dira ordea zerbitzu berriak dituen abantaila bakarrak: ADSL bidez konektatzen denean Always on-line deritzon konexio-mota erabiltzen da, hau da, ez da deirik egin beharrik Internetera konektatzeko, nahikoa da nabigatzaile edo postarako dagoen programa zabaltzea eta automatikoki konektatuta egongo da. Horrek orain arte izandako oztopo handi bat saihestuko du: Interneteko konexioetan sortzen diren arazo gehienak konexioko deian egindako hutsak izaten baitira. Hori gutxi balitz, ADSL erabiliz nahi adina denboraz konekta daiteke Internetera, azken finean, hileko kopuru finko bat ordainduko baita tarifa finkoa deritzon sistema izango baita zerbitzu hau ordaintzeko era. Halaber, telefono-fakturan bereizita agertuko dira telefono arruntaren gastua eta ADSL zerbitzuagatik ordainduko den kuota.
Zer behar da ADSL etxean izateko?
Beti bezala, badirudi sistema berria Windows-erako bakarrik izango dela oraingoz. Orain arte egin diren ADSL modem-ak ez dira Macintosh-erako bateragarriak, baina diotenez laster batean izango dira. Esan bezala, telefono-linea arruntera konektatuko den modem berezi bat behar da horretarako, baina kontuan izan modem horrek ez duela balioko faxak bidaltzeko, faxa ahots-linea arruntetik joaten baita.
ADSL konexioa oraingoz Teleline-k bakarrik eskaintzen du. Oraingoz ez da oso merkea, baina epe luzera, eta bereziki Internet asko erabiltzen dutenentzat, aurrerapauso nabarmena izango da. Teleline-k hiru zerbitzu eskaintzen ditu gaur egun: hauetako merkeenak 256 kb/s-ko abiadura ematen du datuak jasotzeko eta hilean 9.300 pta.ko tarifa finkoa du. Horri ADSL modem-a gehitu behar zaio (26.680 pta.) eta alta eta instalazio-lanak (30.740 pta., baina azaroaren 31 bitartean dohain eskaintzen dute hau).
Esan bezala, zerbitzu hori oraingoz garestia suerta daiteke etxeko erabiltzaile gehienentzat, baina argi dago arrakasta ziurtatua duela. Argi ibili beraz!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia